igandearekin bat egin du aurtengo martxoaren 8ak. Aurten ez da greba deialdirik, baina hemendik aurrera ezer ez da iaz arte bezalakoa izango. Iazkoa ez zen ongi antolatutako aldarrikapen bat izan, ezta jende-tzaren emanak zilegitutako egun gogoangarri bat ere. Hori guztia baino askoz gehiago izan zen, behin betiko aldaketaren hasierako Big Bang-a. Leherketa horrek oinak kopetan eta burmuinak eskuetan utzi dizkigu hainbati, estatus eta botere-harremanen aldaketa bortitz bat eragin du. Bortitzegia begitandu zaio zenbaiti, pedagogia gutxiegiz azaldua beste askori, baina bai gutxi arduratu garela orain arte geuk erabili dugun bortizkeriaz, inolako errudun sentimenik gabe baliatu dugun estatusaz, horrelaxe egituratua etorri zitzaigulako beti berdin jarraitu behar zuela uste izan dugunaz.

Familiaren foroak zuzendu egin behar izan du asteon argitara emandako txio bat. Martxoaren 8ak "benetako emakumeen festa" izan behar duela ulerrarazten zuen. Ondoren argitu du "emakumeen benetako festa" adierazi nahi zuela. Halere, milaka emakumek milaka familiatan inolako fororik gabe izendatuak dituzte zereginak. Haiek bai benetakoak! Batek botererik ezarriko badu, beste batzuek otzanak behar dute, esanekoak. Hori ezin izan du Big Bang bakar batek aldatu, familia bakoitzean beharko da eztandaren bat.

Feminismoa kaka zaharra da. Ez digu utzi nahi orain arte izan garen bezalakoak izaten, gauzak geuk erabakitzen, Lilatoian parte hartzen. Edozein txiste edo iruzkin grazioso egiterako hitzak ondo baino hobeto neurtzera behartzen gaitu, gustu txarraren eta zabarkeriaren esklusibitatea ere kendu egin digu. Hori oso latza da, arrunt deserosoa, kalparrik gabeko lehoi sentiarazten gaitu, gandorrik gabeko oilar.

Feminismoa deserosoa da, bai. Ez du pilota zabaleko arrastotik pasa-tzeko beldurrik, bai baitaki orain arteko joko arau eta eremuek ez dutela balio. Feminismoak berdintasuna du oinarri, baina berdintasuna galera da beti gainean egon denarentzat.