AFORISMOA norena den ez dakidan arren, anarkistak dira batik bat erabiltzen dutenak; "Ez gara eskuma ez ezkerrekoak, behekoak gara eta ganekoen bila goaz". Higidura norantza horretan doa, duela aste pare bat eta Parasite filmaz jardun nuen hartan esan nuenez. Behekook goiko lekuak lortuko balituzte ere, han daudenak ez lirateke alor apal hori betetzera etorriko. Hortik, mundua mundua denik, hain trinko mantentzen dute sail hori boteretsuek, iraultzaren izenean behartsuek borrokatik borrokoara diarduten artean. Bota dut, bada, behin betiko sermoia gaur dagokidana abiatzeko.

Maiatzaren 15.a, edo hobe 15M izenez (Madrilen izan zelako) sortu zen mugimendutik dator egunotan auzo lotsez bisai gorritu didan jokaera. Alegia, oinarrien arteko hauta edo primariak egin eta talde galtzaileak dimisioa eman. Batzuentzako ahantzia bada ere, Podemos, Elkarrekin edo delakoa Madrileko plaza batean hasi eta hainbat hiritara hedatu zen ekimenetik datorren alderdia da. Noiztik noiz-arte zehatz esango ez dudan arren, arestian aipatu dudan beheko jende klasea ilusioz bete eta aparra bezala hedatu eta harrotu zen alderdia Estatu guztian. Ondotxu dakigu hedabideen boterea zenbatekoa den, hauen jabetza noren eskuetan dagoen neurri berean. Espero zen bezala, ordurarte izan ziren alderdi orok eta aipatu komunikabideetatik milaka kritika izan zituzten arren, gora joan zen ekimena, haiek eta kargua zeukaten batzuk bere buruaz harropuztuta zatitzen hasi ziren arte.

Elkar biltzea indarraren irudia bada, zatitzeak ahultzea besterik ez dakar eta Podemos horrek Madrilen izan zituen emaitzak lekuko. Erraz ulertzen da erro sendoak edo luzeak dituen alderdiek edota eskumatar petoak direnek halamoduz aukera edo izendatzea karguak edo kargu-gaiak baina kale edo plazan sortu den talde baten, hauen arteko demokrazia edozein helburu eta ideologiatik harago behar du joan. Zer-edo-zergaitik gure amagandik seme alabok behin baino sarriago entzun genuen "Ni na(g)usi edo burua hautsi" besteen arrazoiaren aurrean ez genuelako amore ematen.