NORBAITEK pentsa lezake Coronavirusaren gaineko albiste berriren batekin arituko naizela. Edota gerta liteke irakurleren batek, goiburua irakurri eta gaiaz nazkatuta dagoelako, ez irakur-tzea erabakitzea. Birritan pentsatu dut bigarren kasu honetaz eta, halere, Coronavirusarekin bezala, aurrera egitea erabaki dut. Arrisku txiki bat hartzea, alegia.

Arriskua hartzea, atzo Donostian izandako 31. Lilatoi karreran parte hartu zuten edo genuen sei mila eta bostehun emakumerena. Ez zegoen han kutsatzeko beldur handirik eta beharrik ere ez.

Atzokoan, ekidin ezina izan zen Coronavirusari buruzko iruzkinak egitea. Ni, ostera, bestelako birus baten ezagutzaz eta desagertzeaz jabetu nintzen. Umeak txikiak zirenean, harrituta galde-tzen zidaten nagusitutako emakumeek zergatik ez zuten gerri alderik, edota zergatik zituzten atzealde handiak. Eta burura etortzen zitzaizkizun, niri amak emandako arrazoiak. Umeak izan ondoren emakumearen gorputza ez dela lehenera bueltatzen, bizi-tzak aurrera egin ahala, "gauza horiek" galtzen joaten zarela, edota garrantzitsuena familia inguru osasuntsua izatea dela. Eta atzokoan, nire baitan ideia berri bat piztu izan balitz bezala, korrikaldian parte hartutako emakume gehiengoaren gorpu-tzak zainduta zeudela konturatu nintzen; kirola eginda, elikadura zainduta, eta familiarekin edo familiarik gabe, norbere buruari begiratzeko astia hartuta.

Lilatoiak emakumeak kirola egitera kalera ateratzea du xede. Kale publikoa emakumez betetzea. Eta horretan dihardu urteetan. Baina urte horien buruan, ikusi da, baita ere, bestelako alderik. Kaleak hartzeko indarraz eta ikusgarritasunaz gain, emakumeak bere osasuna eta irudia ere zaintzen ikasiz doala. Beretzat denbora hartzen ikasiz, alegia. Familiaren zaintza estakuru gisa jarri gabe, halako batean.