EZ nuen oso ondo ulertu hauteskundeen aurrerapena: azken buruan, Urkullu lehendakariak aurrekontuena konponduta zuen eta, ondorioz, hilabete eroso batzuk udazkenera arte. Agian ez da guztiz egia izango behin eta berriro errepika-tzen digutena, aurrekontuak direla lege guztien artean garrantzitsuena, aurrekonturik gabe gobernuek ezin dutela orekarik izan eta abar. Ikasi berri dugu (Elkarrekin Podemosek, batez ere) aurrekontuak izanda ere, posible dela hauteskundeak aurreratzea. Politika ustekabeen lurraldea da.

Kanpainaurrea aspergarri zetorren: jeltzaleek eta sozialistek osa-tzen duten bikoteak segitu nahi du (dibortziorik ez mesedez, sistema gara), baina erosoago, handiago, gehiengoago, eta bazirudien bidea ezin gozoagoa izango zela, erraza, harik eta apirilaren 5ean happy end borobilena ikusi arte. Orduan Zaldibarko zabortegia agertu zen (hobe esan, erori), bi langile harrapatu, dioxinak eta furanoak airean sakabanatu, eta bikotea zoriontasun aspergarrienera zuzen-zuzen zihoan bideari usain txarra (baiki) hartzen hasi zen. Ez naiz esaten ari jeltzaleek eta sozialistek hauteskundeetan Zaldibarkoa ordainduko zutela (ordaintzekotan oso gutxi, nire ustez), baina bai hodei beltzak ageri direla zeruan gutxien espero zenean.

Horrekin nahikorik izango ez balitz, PP etorri zaigu aspeduraren zantzu ñimiñoena desegiteko: Senperrek idatzi zigun hitzaurrea eta gero entretenitu gara, Alonso gora eta Alonso behera, Alonso erori den arte; azen kapituluan (oraingoz) Carlos Iturgaiz berpiztu da (hasieran txantxa zela pentsatu zuten askok, askok ere barre egin dute). Iturgaiz jauna hasi da adierazpenak egiten han-hemenka: eskuin muturra eskuina baino ez dela eta kontu barregarri horiek, badakizue. Iturgaiz ez da lehendakaria izango, legebiltzarkidea bai, eta hor izango dugu giroa bero-tzen, kakazten, lau urtez behintzat. Barrez lehertzeko. PP horrela hondamendira doala esaten da barrezka. Ados egon naiteke, hondamendirako bidean, baina, sarraskia itzela izan daiteke.

Gure bikotea ez dabil oso triste: askok, askok eta askok, xelebrea baino, bikote perfektua nahiago.