PASA den ostiralean, hilaren 14ean, Belen Arrondorekin bildu ginen Gasteizen Steilas sindikatuko kide batzuk; izan ere, irakasle lanbidetik erretiroa hartu berri du Belen Arrondok, eta guretzat zein sindikaturako zer pertsona garrantzitsua izan den (eta den) gogoratu nahi genuen. Agian irakurle askorentzat Belen Arrondo ezagunagoa da Gasteizko Legebiltzarrean eman zituen urte gutxi haiei esker, EH Bilduko legebiltzarkidea izan baitzen Arabatik; Legebiltzarra uztea egokitu zitzaionean, bere betiko lanpostura itzuli zen Gasteizko Umandi ikastolara, ate birakaririk ez, beraz. Nolanahi ere, Florida parkean geunden guztiontzat Belen Arrondo irakaslea eta sindikalista izan da ororen gainetik. Gaur egun bi lan horiek, batez ere sindikalgintzarekin lotutakoa, osperik onena ez dutenean, ederra da elkar ikusi, bero apur bat elkarri eman eta, oinarrizkoena, elkarrekin barre egitea. Sindikalgintza egonda gertatzen diren gauzak gertatzen badira, beldurgarria da pentsatzea zer gertatuko litzateke sindikalgin-tzarik ez balego. Zorionekoak gara: Belen Arrondoren eredua eta erreferentzia ditugu eta sindikatuak modatik pasatako kontuak direla esaten dutenei aurre egiteko lantokietan eta edonon egunero aritzen direnak.

Nik, beste gauza askoren artean, hobeto idazten ikasi nuen sindikatuan Belenekin. Banekien irakur-tzen eta idazten, jakina, baina ba-tzuetan suertatzen zitzaigun idatzi behar zirela egunkarietarako artikulu luzeak halako arazo bat azaltzeko edo halako arazoari buruzko iritzia, ez norberarena, guztiona baizik, emateko. Ordenagailuaren aurrean esertzen ginen eta, nik, luma gehiago, noski, eta Belenek, ideia gehiago eta ideiak argiago, lortzen genuen arazoa behar bezala argitu edo sindikatuak plazaratu behar zuen iri-tzirako forma egokia aurkitzea (ñabardura guzti-guztiei lekua emanez, Steilas beti izan da oso ñabardurazalea, oso). Artikulu haiek bien izenean agertzen ziren; nire izena Belen Arrondoren izenaren ondo-ondoan ikustea ezin pozgarriagoa zen niretzat.

Hoberena da ondo-ondoan segituko dugula, erretiroa hartuta ala ez, beste askorekin batera aurrerantzean ere.