Zirrikituetatik begira

Erraldoiaren pausa

16.02.2020 | 06:17

goraki hitz egiten dutenena nabarmenkeria izaten da gehienetan. Era berean, diskrezioa ez da nabarmentzeko oztopo. Hori ederki islatu da larunbat goizaldean zendu zen gizonarengan. Jose Mutiozabal zarauztarra hil da, Pepe Txabillo. Hamar urte zituela irten zen lehen aldiz erraldoi eta buruhandien kalejiran, buru handia sorbalda gainean eta maskuria eskuan. Hamazazpi zituela bihurtu zen estreinakoz erraldoi. Erakusten zuen engaiamenduaz eta suma tzen zitzaion ilusioaz oharturik, handik denbora gutxira izendatu zuten erraldoi eta buruhandien arduradun. 72 urtez arduratu da herriko festetan haien parte-hartzea tatxarik gabea izan zedin. Urte batzuk badira zamak Oskar semearen esku utzi zituela, baina ardura, arta, sekula ez du bazter utzi.

Duela pare bat urte omenaldia egin zioten elkarte gastronomikoek erraldoi eta buruhandien taldeari, eta San Pelaio makila eman zioten. Horrez gain, bosgarren erraldoi bat eginarazi zuen Zarauzko Udalak, Txabillorena.

Beti eman izan dit atentzioa erraldoien dantzak. Trebea ez ezik, indartsua ere behar du 50-60 kg bizkarrean hartu eta horrelako dantzak egiteko. Saio bakoitzaren ondoren, erraldoiak zolan pausatzen dituzte dantzariek. Pausatu. Hil aditzaren sinonimotzat erabiltzen da euskararen ekialdean. Hortik otu zait Pepe pausa hartzera besterik ez dela erretiratu. Izan ere, hurrengo jaietan berriz ere hor izango da Txabillo erraldoia, kalez kale, ezpainetatik sekula eranzten ez zuen irribarre goxoaz.

1930eko otsailaren 16an jaioa zen. Beraz, gaur bete ditu 90 urte. Beste asko geratzen zaizkio, atseden hartzera besterik ez da joan.