HAINBAT kulturatan suizidioak halako eite etiko bat izan du. Grezian eta Erroman egitate duina zen, nor bere eskuetan zegoen ekintzarik erradikal eta aldi berean askeena eta askatzaileena. Japonian antzeko gertatu izan da orain berriki arte, suizidioa ondrari eusteko modu bat zen (?) Bueno ba askatasunik erradikalenaren adierazpide hori ere kendu egingo digute botereek. Japoniak oso populazio adindua duenez, Taro Aso finantza ministroak argi adierazi die osasun sistemaren kontura tratamenduren bat jasotzen duten zaharrei: "Azkar ibili eta alde egiten pentsatzen joateko (...) Estatuak argitaraturiko iragarkiek koktel hilgarria hartzen erakutsiko dituzte zahar irribarretsuak. Psikologo-psikiatrek beren burua akabatzeko tabuaren debekua hautsi beharraz mintzatuko dira; zaharrizidioari buruzko eztabaida isilaraziko dute; Estatuak babestutako heriotza duina versus bizitza lotsa emangarria izango da aukera. Eta, duda barik, lehengoak izango ditu balore etiko guztiak haien artean gizartearekiko elkartasuna. Ekin-tza askea deituko diote". Horixe idatzi nuen 2013ko maiatzaren 5ean lagun baten heriotza eta Taro Aso ministrioaren adierazpenen harira, baina eutanasia legearen harira eskuineko politiko batek egindako adierazpenek azpimarra ironikoa jarri diote nire orduko hitzei, estatuaren ar eutanasia zalea, irakur bedi ironikoki, ez baitu ezkerrak salatu baizik eta eskuinak.

Nire orduko zutabe hartan estatuaren nekropolitika salatu nahi nuen, alegia, gure heriotzaren inguruko erabakimena ere estatuak hartu nahi izatea, gehiegizko esku sartzearen seinale zela salatu nahi nuen. Gaur, ordea, ongi ikusten dut estatuak eutanasia ahalbidetu eta erregulatzea, estatuak ez badu egiten korporazio handiek egingo dutelako eta nahiago dut nor naizen eta noiz eta nola hilko naizen erabakitzeko aukera estatuaren eskuetan izatea ezen ez Facebook edo Googleren eskuetan.

Badakigu gizartearen oinarrizko zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan uzten denean zer gertatzen den, ezta? Hamar egun daramatzate bi langilek desagertuta eta zabortegi batek sutan.