GOYA sarien banaketa edo Oscar sariena. Aktore onenaren saria, zuzendari onenarena? Sarirako hautagaiak diren guztien aurpegiak agertzen dira pantailan. Guztiek dute diskurtsoa prest, guztiek egin dituzte hamaika entsegu etxean, baina bakarra altxatuko da eta bakarrak hitz egingo du eszenatokiko mikrofonotik. Eszena hau ikusten dudan bakoitzean neure buruari galdetzen diot zer gerta-tzen den esaten ez diren diskurtsoekin. Non geratzen dira? Izendatuen eztarrian? Haren ametsetan? Amesgaiztoetan? Benetan existitzen al dira hitz horiek? Edo beharrezkoa al da haien ahotik irtetzea benetan existitu daitezen?

Telefonoz hitz egiten ari da emakume bat, Florida parkeko banku batean eserita. Hitz egin baino gehiago, bestaldetik esaten diotena entzuten ari da, urduri, azazkalei hozka egiten dien bitartean. Noizean behin airea hartzen du, zerbait esateko indarra hartuko balu bezala, baina berehala zerbaitek geldiarazten du, eta entzuten jarraitzen du, azazkalen hodamendiarekin jarraituz. Ongi da, agur orduan, esan du une batean, etsita, eta telefonoa eskegitzean, negar malko bat atera zaio. Amorruz gorde du telefonoa poltsan min ematen diotelako esan ez dituen hitzek, esatera ausartu ez denak. "Baina zuk benetan maite nauzu?" Beste behin ere, hainbeste aldiz entseatu dituen hitz horiek ahoskatu gabe geratu da, zinemako sarietako nominatuen antzera. Eta non geratzen da galdera hori?

Beti pentsatu izan dut esatera iristen ez garen hitzak garrantzitsuagoak direla esaten ditugunak baino. Esan gabeko hitzak existitzen dira, gure ahotik inoiz ateratzen ez badira ere, egiazko hitzak direlako, biluziak. Munduari benetan esan nahi dioguna gordetzen dute. Gure esanahiaren esentzia dira. Baina ez da beti gure izena entzuten and the winner is esaldi ezagunaren ondoren. Eta irentsi egiten ditugu. Eta geure burua engainatzen saiatzen gara, ahoskatzen ez baditugu ez direla existitzen pentsatuz. Baina non geratzen dira benetan esan gabeko hitzak? Galde diezaietela gure eztarriari, gure urdailari. Han sentitzen ditugun ziztadek esaten digute esan gabeko hitzak gurekin geratzen direla. Eta bizi-bizirik daudela.