EZ dakit zer lortu nahi duten, baina aldaketa askoren atzean tranpa ote dagoen galdetzen diot nire buruari. Espainiako Gobernua ekintzaile agertzen ari da azken asteetan, eta tai gabe, lege berriak indarrean sartzeari ekin dio luzapenik gabe. Lege modernoaren aldeko asmo horien artean frankismoa zigortu nahi du, edo hobe esanda, frankismoa laudatzea edota aldarrika-tzea. Eta horrelako zerbait esan du PSOEko bozeramaile Adriana Lastrak: "Demokrazian ezin dira diktadoreak omendu". Zer esan nahi du horrek? Gaizki deituriko nostalgiko horiek guztiak, arrano zaharra eta gorria eta horia koloreak daramatzan banderarekin biltzen diren horiek guztiak, besoak gora, oihu faxistak egiten dituzten horiek guztiak, zigortuko dituztela? Demokraziaren eta justiziaren aldeko edozein manifestazioaren aurrean agertzen diren konstituzionalista-biolento horiek atxilo eramango dituela poliziak?

Alderdi ultraeskuindarren ekitaldi guztiz lotsagarriak, eta bertako bozeramaleen ahotan entzuten diren berbaro antzuak eta arriskugarriak, asta-kirtenkeria mingarriak, delitutzat ere hartuko dira? Irabazi duten indar kaotiko eta beldurgarriari muga jarriko zaio? Hemengo politikari askok jasan zituzten salaketak eta atxiloketak kontrako bidea hartuko dute orain? Diktadorearen figuraren inguruko goraipamenak eta bilerak ere desagerraraziko dituzte? Eta oraindik, milaka tokitan Francoren alde eraiki, ipini edota jarri ziren irudi eta sinboloak ere kenduko dituzte, behingoz? Horren ondorioz, diktadura garai krudelak sortu zituen biktimen aldeko erreparazioa bidean ezarriko dute? Memoria historikoak behar duen espazio eta presentzia bermatuko dira? Eza dakit hala izango den, baina progresista den gobernu batek hala egin beharko luke.

Entzun dudanez asmoa baino ez da (baina lehenetsi nahi da), eta seguruenik, aurrerantzean lege-proiektu horrek egin beharko duen bidea sasitzez josia izango da, oztopoz beterik; Espainiako Zigor Kodearen barruan erreforma ugari egin beharko direlako, eta aldaketak deslegitimatzeko betiko ahots dekadenteak agertuko direlako, seguru.