ORDU txikiak ere jo zidaten telebistaren aurrean ia urtero bezala. Ez dut esango zinemazale itsua naizenik, bai astero filma bat gutxienik ikusten dutenetarikoa. Prentsa edo hedabide orotan euskal zinemak hainbat izendatze dituela jakinean, Goya sarien banatzea adi eta zur ikustea logikaren barruan kokatzen da. Gure (euskaldunen) esperantzak ez ziran asebete baina izendatze soilak nabarmen adierazten du gure zinemaren industria edozeinaren mailan dagoela. Almodobar bezalako munstro bat gainditzea oraindik gehiegi litzateken arren. Denen berri zehatza eman dute hedabide guztiak eta ez dogokit horretan sakontzea.

Ikuskizun denaren erdian, urteko Ohorezko Saria jaso zuen Pepa Flores jarri nuen begiko. Erabat garaikideak gara eta pentsatzekoa da 12 urtez pantailaratu zenetik estimu eta miresmenean dudala. Orduan polita eta antzele edo kantari ona zelako eta gero gizarte, bizi jarduera edota politikaren aurrean ideiak argi dituelako. "EHko borrokarekin solidaria sentitzen naiz... amak sortu ninduenetik langile klasearekin identifikatu naiz, horregaitik naiz komunista, marxista-leninista" dio adiskide batek w.a. bidez bidali didan 1986.eko ekainean 6an egin zioten elkar hizketa baten. Ia 40 urte dira oholtzara edo jendaurrera ateratzea utzi zionetik, bizitza pribatu xume eta apal bat eramateko, orduko zinari jarraituz ez zen larunbatean ere Malagan azaldu. Ordurarte emakume, nerabe, ikusgarri, famatu, talentodun... izan zen neurrian, produktore, mezenas aberatsek edo delakoek txontxongilo bezala uztiatu zutela ere gauza jakina da. Inoiz aipatu izan duen arren, gero isilean gorde du, bakea eta lasaitasunaren truke.

Altxor ederra izango zen, bestela, prentsa arrosarentzako, mundu guztiaren miresmenerako, Gades, Espainiako dantzari haundienarekin eskontzeko orduan Fidel Castro bera eta Kubako, Alicia Alonso, dantzari mitikoa aita eta ama ponteko aukeratu zituenean edota, Gades horrek bazterrean utzi zuenean, hau, Suitzako emakume aberats batekin eskontzeko.