NON dago Murtzia? Urrunegi ote? Ez dirudi. Bertan jazotzen diren kontuak hedatu egiten dira, eta espainolen artean polemikak sortzen dira di-da batean. Guztiok ezagu-tzen dugun alderdi ultraeskuindar zaharkizale eta atzerakoiak Mur-tziako eskoletan antolatzen diren genero, LGTBI edota feminismoari buruzko edozein hitzaldi, tailer edota ekintzaren aurrean gurasoen erabakiek irmotasuna izan dezatela eskatu du, hara umeek joateko baimena guraso horien esku utzita, bide batez eskolak duen boterea ahulduz.

Izan ere, alderdi horrek dio ekimen horien edukiak nerabeen kontzientzia astindu dezakeela modu intrusiboan, euren intimitatea inarrosiz. PP alderdiaren inbestidura berma zedin Vox-ek horixe eskatu zuen Murtzian, eta horren ondorioz, hika-mika toki guztietara zabaldu da.

Orain diote, Madrilen eta Andaluziako beste lurraldeetan ere ezar dezaketela pin zoragarri hori. Eskumuturrekoek bultzatzen duten logikarik gabeko zentsura beste toki askotan hazi zen aspaldian. Brasil da gaur egungo adibide argienetako bat: Bolsonaro faxistak modu horretan hasi zuen bere ibilbide politikoa, ultrakatolizimoaren erroetatik, eskolak ume guztiak homosexual bilakatuko zituela esanez. Urte batzuen ondoren, Brasilgo presidentea munduaren arerio bilakatu da, eta bere politikak sarraskia baino ez du egiten, tai gabe. Portzierto, badakizue bere izena dela Jair Messias Bolsonaro? Messias? Bereak dira esaldi izugarriak hauek: "Emakumeek gutxiago kobratu behar dute haurdun gelditzen direlako; artistak fusilatuak izan beharko ziren; gutxiengoak gehiagoaren menpean izan behar dira; ez nin-tzateke seme homesexual bat maitatzeko gai"; eta abar. Lerdoa eta baboa da tipo hori, baina hara heldu bada atzean populu miserable bat dagoelako da.

Bada, eskuin faxista sortu berriak bide hori ere jorratu nahi du Espainian, eta Murtzia omen da bere lubakia. Bertan hasiko da esanez "gure umeak doktrinatuak izango dira joko erotikoetan, eta homosexualak izango dira laster batean".

Noiz arte ikastetxe eta irakasleen jarduera bikaina zalantzan?