betidanik esan ohi da jakingura falta eta harridura ahalmena galtzea direla zahartzaroaren seinale behinenak. Ez dakit horrela den. Egia balitz urteak betetzea, urteak buka eta hastea, ez litzateke niretzat ezer izango, deus ez, zeren ohitura berri batzuk ikusita, nire harridura ahalmena, gutxitu beharrean, biderkatzen baita, eta hori, ohitura berriekin harritzearena, bai izan dela betidanik zahartzearen seinalea.

Harritu nauen azken ohitura berria argi-turismoa deituko dudana da: badirudi jendeak atsegin duela gabonetako argi berezienak jarri dituzten hirietara joatea, argi horiek ikusteko hain zuzen ere; gabonetako argiak ikusteko bidaiatu (barkatu errepikapenak, baina kontua nire buruari errepikatu behar diot sinetsi ahal izateko). Vigo hiriari buruzko erreportaje bat ikusi nuen telebistan ahoa zabalik: argietan xahutu duten dirutza, turismoaren gorakada, kaleak jendez gainezka, inbertsioaren itzulera (nola ez) eta abar.

Argi dago (argi) beste belaunaldi batekoa naizela, hirietara joatea maite izan dut betidanik katedralak, museoak, parkeak, kontzertuak eta horrelakoak ikusteko. Ozta-ozta ulertzen nuen gabonetako azoketara joateko ohitura, zalantzan jarri nuen behin eta jaso nuen errieta hain izan zen handia (bakoitzak bere gustuak dituela, elitista nintzela, politak direla eta hori guztia), ezen isiltzea erabaki nuela, gaur arte, isiltasuna apurtzen baitut oraintxe bertan hotsandiz esateko, idazteko, ohitura berri-berri hori, gabonetako argiak ikusteko bidaiatzearena, ergelkeria galanta iruditzen zaidala, eta mendebaldeko gainbeheraren beste zantzu (argi) bat. Horrela demostratzen ari naiz zaharbidean ondo noala, esan baita betidanik argi eta garbi hitz egitea, ezer ez isiltzea, lotsak galtzea zahartzearen seinaleak ere badirela.

Eta oraintxe bertan jarriko naiz Sánchez eta Iglesias jaunek aurkeztu duten gobernu programa eta PSOE-EAJ akordioa arretaz irakurtzera, idatzi behar baitut iritzi-artikulu fundamentuzko bat (eta ez purrustada zaharruno hauek) urtea ondo hasteko.