dE Miguel auziaren epaia eman zutenetik izan den zalaparta etengabean, errudun jotakoak berehala espetxera ditzaten fiskaltzak egindako eskaera da azken kapitulua, oraingoz. Fiskaltzak, Josu Izagirre buru, zigorrik handienak ezarri dizkietenak bederen segituan nahi ditu kartzelan. Ez zait zentzurik gabeko eskaera begitantzen. Izagirre gustura dago, eta ulertzekoa da: lortu du azkenean EAJko zen bait goi-kargudunek osasutako ustelkeria-sarea bistaratu eta zigortzea. Salaketak larriak ziren, zigorrak ere bai. Ebatsitako diru kopurua baino larriagoak dira horretarako erabilitako metodoak. Laneko helbide elektronikoak lasai arraio erabili izanak argi uzten du inpunitate eta patxada osoz aritu zirela, ezkutatzekorik ezer ez balego bezala, eta ez dago ezer ustelkeria naturalizatzea baino larriagorik. Alderdi politikoek, kasu honetan Eusko Alderdi Jeltzaleak, lehentasun behar lukete horrelakorik berriz inon gerta ez dadin neurriak hartzea. Ustelkeriak ez baitie alderdiei eragiten soilik, politikari berari eta herritarroi egiten digu errotikako kaltea. Hamar urteok infernu goritan igaro ditu Gurutz Larrañagak, Jaurlaritzaren Kultura sailburuorde izandakoak. Kargu horretara iritsi baino askoz lehenago Loiolako ikastolan irakasle izan zen. Estimatzen genuen Gurutz. Auzibidean jarriz geroztik topo egin dugun aldi bakanetan bostekoa eman izan diogu elkarri. Nire kasuan, Gurutzi begietara begiratu eta eskua estutzea "fidatzen nauk hitaz" esateko modu bat zen, baina berak ere ez du jakingo zenbatek ukatu dion bostekoa edo diosala, zenbatek aldatu duen bidea susmagarri batekin topo ez egiteagatik. "Nork ordaintzen ditu lo-galduak, sufrimendua, estigma beltz hori, gastuak...?", galdetu du Gurutzek epaiak errugabetu berritan. Fiskal-buruaren aseak ez ote du zulorik? Inoiz jartzen ote da epaiek errugabetutakoen larruan? Batzuen okerrak frogatu ahal izanaren pozari bakarrik egiten ote die leku epai osteko sentipenetan? Denak ez ziren fidatzekoak, Gurutz bai. Bostekoa, maisu.