EZ omen daki jendeak zergatik hitz egiten dion hainbeste. Ez daki zergatik hurbiltzen zaizkion maiz euren barne gatazka guztiak kontatzera. "Tabernan mozkor bat badago, nire alboan bukatzen du eta bere bizitza kontatzen dit, iman bat banu bezala. Ez dakit zergatik", esaten dit, begietara tinko begiratuz. Berak jendeari begietara begiratzeko duen modu horrekin. Izan ere, badauka abilezia bat aurrekoari sentiarazteko begi-ninietara begira baino, bere pentsamenduei begira dagoela. Barruan duten guztia Cinexineko pantaila batean ikusten balego bezala.

Ez omen du ulertzen jendeak zergatik kontatzen dizkion edonori kontatzen ez dizkion gauzak, zergatik eskaintzen dioten euren konfiantza hain erraz, nahiz eta gutxi ezagutu. Berak ez daki, baina uste dut bere sekretua gizakietan naturala izan beharko litzatekeen baina arrunta ez den ezaugarri bat dela: Berak azaletik eta itxuratik harago begiratzen dio jendeari, begietatik harago. Bere begiratzeko moduarekin aurrean duen pertsona horrek barruan duena ezagutzeko jakin-mina adierazten du. Pertsonak ez dira berarentzat ispilu bat zeinetan bere buruari begiratu. Aurrean duenak esaten duena entzun egiten du, hark bukatzean zer eran-tzun behar dion pentsatzen egon ordez. Belarriekin eta begiekin entzuten du. Hain sinplea eta naturala den zerbait, eta gero eta ezohikoagoa dena selfiearen eta bakarrizketaren gizarte honetan. Geure buruari hain adi egoteak besteenganako jakin-mina desaktibatzen digun garai honetan.

Nire lagun on batek dion bezala, gauza normalak ohiz kanpokoak bihurtu dira. Eta horregatik hurbiltzen zaio jendea, horregatik hitz egiten dio jendeak benetako hitzekin, barrutik ateratzen zaizkien horiekin. Sentitzen dutelako euren begietatik harago begiratu diela norbaitek, amildegira hurbildu eta benetan gu garen hori gorde-tzen den leku horretara begiratu diela une batez, jakin minez, han zer gordetzen duten jakiteko gogoz.