ANTZINAKO Erromak zituen jainko-jainkosen artean baziren ideia edo kontzeptu abstraktuak ordezka-tzen edo haragitzen zituztenak, haragi aintzatsu eta jainkotiarra beti ere, jakina. Bazen, adibidez, Concordia bat (adostasuna), herriaren batasuna adierazteko, Erroman garrantzi handiko tenplua zuena, eta aurkakoa, Discordia (desadostasuna); bazen Veritas bat (egia) eta bazen Securitas bat (segurtasuna, ez alarmak jartzen dituen enpresa); bazen Honos bat (ohorea, baina militarrena) eta bazen Felicitas bat (zoriontasuna); bazen Aequitas bat (bidezko merkataritza, dena asmatuta dago) eta baziren Libera (mahastien emankortasuna, debozio handia diot), Libertas (askatasuna) eta Liberalitas (lur landuen eskuzabaltasuna); bazen Pietas bat (gurasoei diogun maitasuna) eta bazen Necessitas bat (beharra edo, hobe, halabeharra); Erroma bera ere jainkosa bat zen Erromarako. Denboraren poderioz jendeak jainko-jainkosa batzuk ahazten zituen, edo beste batzuekin nahasi eta berriak sortu; agintariek ere, behar politikoen arabera, jainko-jainkosa batzuei lehentasuna ematen zieten, edo ahaztuta zeudenak berpizteko ahaleginak egiten zituzten, tenplu berriak eraiki eta zaharrak biziberritu.

Urkullu lehendakariak, lehendakariaren ordez augusto, zesar edo kontsula izango balitz, edo (errealitateari hobe egokitzeko) probintzia urrun hauetako prokontsula edo legatua, Egonkortasunari eraikiko lioke tenplu handi bat, zer diot bat, udalerri bakoitzean bat gutxienez, eta Egonkortasunaren kultua antolatuko luke. EAEko herritar guztiontzat derrigorrezkoa izango li-tzateke jainko edo jainkosa berria (generorik al du Egonkortasuna?) gurtzea, eta bertsolarien betebeharren artean Egonkortasunari neurri eta doinu guztietako bertsoak egitea egongo litzateke. Apurka-apurka Egonkortasunaren erlijioaren indarrak beste erlijio, pentsakera eta filosofia guztiak ahuldu eta ezabatuko lituzke, beharbada salbuespen bakarra Egonkortasunaren Ama Birjina, Egonkorkunde, izango litzateke.

Dena aldatzea ezer ez aldatzeko? Ezer ez aldatu eta kito. Egonkortasuna.