Zirrikituetatik begira

Antsietatea

09.02.2020 | 15:39
Columnista Rikardo Arregi

EZIN du inork esan Espainiako Erresumaren politikari buruzko kontuak aspergarriak direnik, zenbait gauza (Nafarroa, adibidez) gaur bai, bihar ere bai errepikatzen badira ere. Egunkariak ezaxola irekitzen ditugu, egunero egiten den bezala, eta bat-batean hor dago ustekabea; telebistetako albisteak entzun-ikusten ditugu, beste zerbait egiten den bitartean, eta horra hor ezustean harrapatzen zaituzten berriak edo adierazpenak. Ez dakit inoiz gertatu zaizuen, irakurle maiteok, baina nik askotan konfirmatu behar izan dut irakurri edo entzun dudana, hasieran batean ez-da-egia-izango sinesgaitz bat delako gogora etortzen zaidan lehendabiziko pentsamendua.

Pablo Iglesiasekin gertatu zait niri orain dela gutxi: erregeaz ari zen, Felipe Borboikoaz, erregeak Pedro Sánchezi esan beharko ziola, ulertarazi, aterabide bakarra koalizio gobernua dela. Aitortu behar dizuet oraindik nagoela proposamena ulertu nahian. Marrazki bizidunetako Heidi laño hura baino inozoagoa da Iglesias jauna? Ez al da zientzia politikoan (ia-ia oximoron bat) aditua? Ez al zen hau 78ko erregimenaren kontrako sutsua (eta zer da erregimenagoa monarkia baino)? Erregimenaren beraren kontraesanak agerian jarri nahi ditu eta ni ergela naiz? Iruditzen zait Pablo Iglesias barregarri agertu dela guztion aurrean harrikada monarkikoa bota eta gero, erridikulua, hitz gogorrago bat nahiago baduzue, eta bere partiduko hainbat eta hainbat nekatuta egongo direla buruzagiaren burutazio burugage horiekin. Baina aparatukoek nagusiaren ideiak babestu egin behar dituzte eta astelehenean bertan Podemoseko Koordinazio Kontseiluko bozeramaile Noela Veraren adierazpenak irakurtzeko aukera izan nuen: baietz, erregeak ulertarazi behar diola Pedro Sánchezi bipartidismoa amaitu dela. Lan gogorra dute batzuetan partiduetako militanteek!

Analista batzuek uste dute Iglesiasek sofritzen duen antsietatetik jaiotzen direla horrelako adierazpen bitxiak. Ez, ez, ez eta ez egunero, behin eta berriro, entzuten denean zaila izango da antsietate triste bat ez sentitzea.

noticias de deia