ANA Julia Quezada, Almerian Gabriel Cruz umea erail zuen andrearen irudiak agertu dira Teleberrian. Hari begira, bederatzi urteko alabak galdetu dit: “Nor da? Zer egin du?” Istripu bat izan duela esan diot, ez dela ezer, benetan gertatu dena kontatzea ekidin nahian. “Baina zer gertatu da umearekin?”, tematu da alaba. Nik uste baino informazio gehiago duela konturatu naiz orduan. “Ume bat zaintzen zegoela, istripu bat izan du eta umea hil egin da”, esan diot, gezurra irtenbide ona den ezin asmatuta. “Baina berak hil du?”, galdetu dit, eta andreari begiratzeko duen moduan ohartu naiz beldurra eragiten diola emakume horrek. “Ez, istripu bat izan da”, errepikatu dut, haren beldurra baretu nahian. Eta telebista itzali dut.

Aspaldi esan nuen ez nuela gehiago Teleberria ikusiko umeen aurrean. Han agertzen den guztiak beldurgarri bihurtzen du gure mundua. Eta bai, bada beldurgarria, gauza beldurgarri gehiegi gertatzen dira munduan, baina denak kondentsatuta egunero irensteak gogaitu egiten gaitu eta jada itxaropenik ez dagoela pentsatuta, paralizatu egiten gaitu. Beldurrak paralisia dakar. Ez dago beldurra baino ezer eraginkorragorik gizarte partehartzaile eta aktibo bat bihurtzeko manipulatzeko erraz den gizarte batean.

David Byrne musikariak Reasons to Be Cheerful izeneko proiektua jarri du martxan. Munduko albiste onak jasotzen dituen aldizkari digitala da. Irakurri nuenean, hasiera batean, iruditu zitzaidan errealitatetik ihes egiteko modu bat zela besterik ez, mundu beldurgarri baten aurrean begiak estaltzeko modu bat. Ihesaldi bat. Eta oraindik proiektu honekin asmatu duen zalantzan banago ere, benetan iruditzen zait beharrezkoa dela ezagutzea zenbat jende dagoen munduan gauza benetan on eta munduarentzako onuragarriak egiten, zientzia, kultura, ekonomia, teknologiaren munduan eta abar.

Albiste onak ezagutzea ere beharrezkoa da gure gizartea aktiba-tzeko, albiste txarrak entzutea oinak lurrean edukitzeko beharrezkoa den moduan. Azken finean, albiste in eta txarren aurrean, egin dezakegun bakarra da beldurra izan arren egitea da. Beldurraren gainetik, ez gelditzea.