lERRO hauek idazten ari naizenean, goizeko 7:00ak dira, igandea, eta ez dakit egunak zer emango duen baina hondarribitarren bi erronkak ditut buruan: bata, Kontxako bandera. Badakigu itsasoan edozer gauza gerta litekeela eta ia-ia segurutzat jotzen dena ere, nahiz eta ia 6 segundoko aldea izan, bestelakorik ere gerta litekeela eta Oriok edo beste traineruren batek irabaztea. Baina, berez, kronometroa, Hondarribiaren alde dago gaurkoan.

Beste erronka, eta estropada baina handiagoa, alardea da. Hondarribiko Emakumeak elkarteak euren “defentsa eta babesa diren plastiko beltzak eskaini” omen dituzte “aurrerapauso gisa”, betiere, ordutegian aldaketa eginez gero. Eskaintzaren berri entzutean, burura irudi oso bestelakoak etorri zaizkit. Umetxoa nintzela, irailean, aitak bi plastiko mota ekartzen zituen etxera. Lanean sobera gelditutakoak izaten ziren: plastiko gardena eta plastiko beltza. Plastiko gardena, ikasturte berriko liburuak forratzeko erabiltzen genuen. Urte berriarekin ikasi behar genuen guztia babesteko plastiko gogorra izaten zen, urte osoa iraungo zuena, eta etorkizunari begirakoa. Plastiko beltza, ordea, amak, udako arropa eta udan hondartzarako erabilitako tramankuluak biltzeko eta gordetzeko erabiltzen zuen. Esan bezala, plastiko beltz-beltza zen, gogorra, ganbaran gauzak gordetzeko egokia. Urte laburren buruan, ganbara plastiko beltzez bete zitzaigula dut gogoan. Dena txukun eta betirako gordeta. Amak, noizbehinka, gordetako gauza haiek, batez ere arropa, ihauterietarako edo erabil genezakeela esaten zuen? Plastiko beltzak behar ez genituen gauzak babesten zituen. Gehiago erabiliko ez genituenak. Gorde behar zirenak edo, baina egitan, gaurkoak ez zirenak.

Hondarribiko Emakumeak elkarteak euren defentsa eta babeserako diren plastiko beltzak eskaini dituztela jakitean, ezin izan dut ekidin gure etxeko ganbaraz gogora-tzea. Plastiko beltzak gurean zer babesteko balio zuen gomutara ekartzea.

Desio dut, gaur, Kontxako bandera Hondarribik irabaztea eta hondarribitarrak plastiko beltzak ganbaran utzita kaleratu direla ikustea.