bILBOKO hiriak begi bistan erakutsi didalako badakit zer esan nahi duen “gentrifikazio” hitzak. Erdigunean etxeen prezio eta alokairuak pagatu ezin dituztenean, gazteek, burgesiaren seme-alaba, kulturan interesatuak asko, auzo pobreetara egiten duten aldatzearekin hasi eta atzetik jatetxe, taberna, enpresa txiki eta jende oldea ekarrarazten duen prozesuari deritzo gentrifikazio. Atzetik, jakina, etxeen prezio eta alokairuek gora egiten dute, hala nola, bizitzaren garestitzeak, eta bertako biztanleak auzo pobreagoetara mugiarazten ditu. Ez ditut aipatuko baina badira izan Bilboko San Frantzisko kalean orain arte senar-emazte zaharrenak ziren negozioak gentrifikazioa baliatuz jatetxe moderno bilakaturik, eta bertakoei, jakina, garesti egiten zaizkie dagoeneko. Neu, dudarik ez, modernoen saldoan sartzen naiz (badaezpada ere diot, euskaldunok joera handiegia baitugu gure buruak gatazketako ahulenetakoekin parekatzeko).

Aurreko egunean New York Timesek zekarren berria, New Yorkeko kontratista enpresa batek nahiago du bere burua auzogintza eragile-tzat hartu, eta egiten duena gentrifikatzea beharrean gentrigazioa izendatu (gentrifikatu eta integratu). New Yorken prozesua hemen baino azkarrago gertatzen da han jende gehiena alokairuan bizi delako. Duela hogei urte Manhattanen ezin bizirik Brooklyneko Williamsburgera jauzi egin zuten artista gazte eta abarrek, eta bertan prezioek gora egin dutenez, dagoeneko hasi da Bushwick-en konkista.

Auzokideei amarrua ezaguna egiten zaie eta susmoa hartu diete kontratista auzogintza eragileei, baina artikulua idatzi duen kazetariak oraindik ere sinesten du horrelako operazio inmobiliarioek halako alde humanorik izan ote dezaketen galdetzen baitio bere buruari. Badago alde humanoko kapitalismorik?

Bada kontratista enpresak bere burua saltzeko marketin estrategia iruditzen zait niri. Kontratistek auzogintza eragiletzat dituzte beren buruak, ederki, baina ondorioa berdina da: hemendik hamar bat urtetara Bushwick auzoa Williamsburg auzoa bezain garestia izango da eta bertako auzokideak gune pobreagoetara alde eginak izango dira. Eta horrela ad infinitum Lur guztia New York erraldoia bihurtu arte. Auzogin-tza!? Bai horixe!