HARRO sentitzen naizela ez dut gordeko. Neurri apalean izan arren, duela 41 urte abian jarri genuen Bilboko Aste Nagusian esku hartu izanaz harro sentitzen naiz, gaur egunerarte horretaz gozatzeaz gain esku nimiño batez laguntzen dudan artean harrotasun hori aterako dut kalera irribarre ireki baten bidez. Pozez pasatuz gainera pozik nagoelako gure Aste Nagusiaz. Arriaga barruan nengoen txupin zaratatsua zerura abiatu zenean eta zirrara bizia ez ezik emozioa barneraino sentitu nuen. Besoetako ileak tente. Poz eta harrotasun hori, dena den, bost minutu aurretik hasia zen umotzen Bea Sever-ek ume trans-en gurasoen izenean, “Neska batzuek zakila daukate eta mutil batzuek bulba” eta publikora eskua luzatu eta igorriz oihu eta aldarri egin zuen “Eta hemen daude, eta pozik daude” plazan eta barnean geundenoi negar anpuluak ateraraziz. Irribarre eder batez, umoreari keinu eginez, gauza bera adierazi nahi zuen Bea-k “Ez dakigu zer daukan Marijaiak gonapean” esan zuenean. Mantendu egin zuen irribarrea, bere nahia egiteko hormonak atzeratzen zirelako bere buruaz beste egin zuen Ekain 16 urteko mutilarena esan zuenean. Gutxitan entzungo zuen Arriaga Antzokiak holako txalo zaparrada ozen bezain amultsua, milaka asko haien esker onez. Arestian aipatu dudan harrotasun mina beste ildo batetik ere badatorkit, Bea Sever pregoilaria bezala Itsasne Núñez txupin arduradunaren jatorritik, hain zuzen. Aniztasunaren eredu ezinbestekoa delako, auzo xumeetako konpartsakide izanez gainera, transenxualitatea bezalako gaiak jaiaren zenitean jartzearren. Harro horregaitik, ez nuen beste edozein hiri edo herriarekin alderatu nahi, baina ondotxo dakigu tokian tokiko izarrak bilatu ezinean jarduten dutela, Otxarkoagako neska umil bezain jator eta azkar batek hain mezu aberatsa botatzeko gai denean. Eta gehiago ere bota zuen, beldur barik, aske eta airean bizi-tzeko Bilboko asterik nagusiena. Arestian eta segituan esanak, halere, kontsigna bakun bezain sendo eta sotilaren babesean doaz: Bakoitzak nahi duena izateko eskubidearen alde.