dESPACITO esan behar nuen agian, hori delako jatorrizkoa. Luis Alfonso Rodriguezek, artistikoki Luis Fonsik, Puerto Rico-ar kantariak munduan zehar milioika kopia barreiatu dituen kantaren izena. Mundu osoan esan dut inondako arrakasta izan duelako sortu zenetik. Bejondeiala Fonsiri, eremu edo alor horretan angloxasoiek duten nagusitasunetik harago gaztelaniazko abesti batek goia edo gailurra hartzearren. Lortu du bada, ez letrak ez doinuak beste munduko ekarpenik dutelako, baina tira! Bertoko inork ere neurriz kanpo atsegin du antza Despacito hori, askorentzat munduko tenplu ez ezik katedralik garrantzitsuenean eta horietako gehienentzat futbolak dituen bi talde karismatiko edo jainkotiarren arteko lehia baten aurretik entzuteko aukeratu dutelako.

Memoriari nahita ere ezin uko eta berehala etorri zait gogora Mexico-ko Tijuanako frontoira zesta puntako partida ikusten sartu orduko tarteetan “Que viva España” ozen entzun genuenean eta, hori gutxi balitz, txalo zaparrada ederra ikusleen aldetik. Tijuana urrun dago, dena den. Atseginetik, Biarritzeko frontoian sarritan entzun ahal izan dogun Ravel-en Boleroa.

Mitikoa izatera heldu da Athletic taldearen zorioneko filosofia, birraitonaren anaiak han jokatzea beharrezko izateko alemaniar neska jator bezain jokalari indartsu bat fitxatzeko, edota euskaldun peto petoa eta Iñaki izena izan arren, beltza izateagatik une batez zalantzan jartzeko. Taldeari errotze eta jatortasun sutsua ematen dizkioten ezaugarriak inondik ere, eguneroko atazan kapitaina izendatzeko orduan honek euskara fitsik dakien kontuan hartzen ez badu ere, euskal kazetariei egiten dien kalteaz. Edo, historikoko, taldeari euskerazko izena jartzeko gai izan ez diren arren. Badakit ekialdeko kopetentzia latzeko hainbat zale gutxienik irribarreka direla honakoak irakurtzean. Ba dut donostiarrentzako ere ohartxo bat. Munduko Ligarik indartsueneko talde sendo batek ez du merezi Anoeta jatorraren ordez aseguru etxe baten izena ematea zelaiari.