GLOBALIZAZIOAREN poderioz jende andana barreiatzen da munduko bazter orotan. Turistez lepo daude gure hiriak eta zubiak, gure kale periferikoak, eta poltsikoetan dakarten diruari dir-dir egin nahi diote jatetxe, denda, taberna eta saltoki guztiek. Andana bat ikusiko duzu Arriagako plazan, erdian banderatxo gorria daraman gidariaren atzetik, jubilatu despistatuena gal ez dadin; japoniar andana bat Plaza Barrian, tabernetako ateetatik pintxo miresgarriak ikusi nahian, argazkietan ateratzeko desirari ezin eutsiz; loredun txakurra jendez inguraturik egoten da beti, eta abar.

Beste batzuk bidaia ezinezkoen bila abiatzen dira, bidaia autentikoen bila, espektakulu autentikoan murgiltzeko. Nekez topatuko duzu leku aratz bat zure benetako esperientzia bizi ahal izateko, turismolandiatik urrun. Jendea ipurterrea da, eta ez daki etxean lasai gelditzen. Turismoa egin nahi du, benetakoa, eta ez du betiko toki masifikatuak bisitatu nahi. Turista autentiko horiek guztiek beste masifikazio bat osatzen dute, turismo autentikoaren masifikazioa.

Egun hauetan, Imanol Epelderen intentzio turistikoa irakurri dut, eta bat nator bere asmoarekin. Berak hala dio: “Ez diogu turismo gehiago jarri nahi turismoari. Saiatuko gara ez ibiltzen turista saldo horiek bezala, autobusetan, ganadua bailiran. Ikuskizun batetik bestera joaten ilaratik atera gabe, masifikatutako estatua eta eraikin ezagunenen aurrean selfieak egiten, souvenirrez josten. (?) Turismoak mundua espektakulu uniforme bilakatu du: Hiri turistikoak dekoratu bihurtu dira eta bertako hiritarrak pelikulako estra. Eta gu, saiatuko gara ikusle pasibo ez bihurtzen, autentikoak izango balira bezala enpaketatu eta esterilizatutako esperientziak ez kontsumitzen”.

Beti saiatzen gara turismo autentikoaren autentikoak izaten baina turismoaren burbuila puztea baino ez dugu lortzen. Gehiegi gara munduan, eta planetaren luze-laburrak gero eta txikiagoak dira, geroa eta ezagunagoak, gero eta eskuragarriagoak zaizkigu. Tristeziaz esan badaiteke ere, dagoeneko ez dago paradisurik. Ez eta autentikoentzat ere.