HOGEI bat hegaldi lurrean geratuko zirela aurre-ikusi zuten. Hiru edo lau mila bidaiari urte osoan amestu izan duten oporraldiaren hasiera edo bukaera nahasiz. Urte sasoi hauek batera eta bestera joateko erabiltzen ditugulako. Ongi pentsata, beste sasoietan lanean edo ikasten jardun dutenak eskubide moduko bat dute haize berriak sentitzeko, inguru berriak ikusteko, errutinari ostiko bat eman eta ohitura berriak ikasi eta bizitzeko, bide batez. Oporrak, bidaiak, hegaldiak... ia edozeinen esku izatea, azken mende erdi bat ingurutik honako kontuak dira, ez haragokoak. Nahikoa, ohitura edota eskubide ez ezik obligazio bezala hartzeko. Hori eragoztea, ordea, Zelako pekatua!

Pekatuak pekataria behar eta balizko kaltetu haien iritzian, aireportuko langile grebalariak litzatekez lehenik, hobetu pentsatuz entrepresak ere erruren bat izango duen arren. AENAk ondotxu daki hori eta Loiuko gutxiengo zerbitzuak sakatu, hegaldi guztiak martxan ipini eta erabiltzailearen aurrean eskuak bezala aurpegia garbitu eta primerako irudia eman du. Areago, eskaintza gutxi batzuren truke hurrengo egunetarako greba deiak ere ezabatu ditu.

Eskubidez aritu garenez, igande honetan zerbitzu minimoak osatu dituzten langileeri galdetu behar. Plantilla osoaz gainkarga izugarria dutelako dira aldarrika hauek, beraz pentsatu talde murriztuaz nola ibili diren. Hauen, denen, eskubideak bai direla erabat zanpatuak eta, besteok, aireportuan ordu batzuk galdu arren babestu behar ditugunak. Ezin dut ahaztu, aspaldian, Karmelo ikastolako asanblada baten ahots pare bat nola altza ziren irakaslegoaren greba eskubidearen eskubidea zalantzan jarriz. Burua bueltatu eta sei hilabete baino luzeagoz Etxebarria faktorian greban zeuden bi gurasoarenak ziran ahotsak. Buruz burukoan, esan zidaten ez dela berdin altzairuarekin edo umeekin lan egitea. Ni ere mutua ez naiz eta “haiek, ni eta zuek langileak gara” bota nien.

Azken lerrotxuak, zuretzat, EHko kazetari eredugarri horri, Goian (zure zeruan) Bego, Mariano Ferrer handia! Egun on!