UZTAILEAN gertatzen da. Fenomeno natural bat balitz bezala, jende askoren eguneroko paisaia aldatzen du. Seme-alabak dituzten bikoteek edo bakarkako gurasoek bizi duten esperientzia da. Eurak lanean jarraitzen duten bitartean, seme-alabak kanpamentuetara bidali dituzte: aste bat, edo bi, kasu ba-tzuetan. Bat batean, etxean ohikoa den zarata, burrunba, mugimendua desagertu egin da. Bat batean, bakarrik geratzen dira. Bikoteen kasuan, bakarrik sentitzen diren lehen unean bata besteari begira gelditzen dira etxeko egongelaren erdian, zer esan jakin gabe, zer egin jakin gabe kasu batzuetan, kalera irteteko nori deitu ezin asmatuta. Euren buruak berriz asmatzeko unea heldu dela sentitzen dute, birkokatzeko unea. Eta normalean egiten ez dituzten gauzak egitera animatzen dira: astearte gauean afaltzera irteten dira, asteazkenean armairutik txupa beltz zahar hura jantzi eta kontzertu bat ikustera doaz... Pozik daude, behingoz nahi dutena egiten ari direlako umeen zaintzak baldintzaturik egon gabe, baina aldi berean sentsazio arraroa dute, euren buruak ezin aurkituta daude. Eta etxera heltzen direnean, bata besteari begira geratzen dira, kuriositatez, aspaldi elkar ikusi gabe egon izan balira bezala. Eta bien begietan galdera bera: Nor ginen gu umeak izan aurretik? Ahaztuta zuten. Gogoratzen hasi dira gaur, bakarrik geratu diren lehen egunean. Oinak txikituta heldu dira etxera kontzertuan hainbeste denbora tente egon ondoren, bihar lanera ajearekin joango direla badakite, ez daude aste barruan edatera ohituta eta. Umerik gabe, garai batean ziren haiek berreskuratzeko ahalmenik al dute? Garai hartako bi gazte haien zerbait geratzen al zaie hor barruan? Biek dituzte galdera horiek buruan, eta argi daukate euren gorputzak eta buruak ez direla garai batekoak, euren desioak eta nahiak ere ez. Hala ere, badakite behar-beharrezkoa dutela uztaileko entrenamendu hau, biak bakarrik egotearena, izan ere, urte gutxi barru, berriz geratuko baitira bakarrik, ez bakarrik uztailean, eta orduan bai, berriz asmatu beharko dute euren harremana. Orduan bai, berriz kokatu beharko dira.