HILETA batean izan naiz aste honetan. Hiletetan hildakoaren inguruan halako energia kolektiboa sortzen da, halako batasun existentzial bat. Garai berean eta leku berean bizitzea egokitu izanaren kon-tzientzia hartzen dugu bat batean; ohartzen gara gure bizitzak guru-tzatuz doazela etengabe beste batzuen bizitzekin, eta elkarrekin zerbait osatzen dugula. Hiletan hainbat emozio adierazpen izan ziren. Hildakoaren lagunen eta senitartekoen hitzak, besarkadak, muxuak, negarrak? Eta musika. Pianoa eta bibolinak, biak elkarrekin, airean zabaldu zuten hi-tzek azaldu ezin zutena. Hitzak bukatzen diren lekuan hasten baita musika. Ekitaldiko unerik zirraragarrienak musikak sortu zituen.

Eta pentsatu nuen nola den posible halako indarra, potentziala, gugan halako eragin sakona duen musika gure gizartean hain gutxietsia egotea. Eskoletan musika irakasten da, bai, baina ez dio inork matematikei ematen zaien garrantzia eskaintzen. Zenbat musikari, konpositore, bizi dira prekarietatean, edo beste lanbide bati eskainiz bere ordu gehienak musika egiten jarraitu ahal izateko?

Utilitarismoaren gizartean, mailu batek sinfonia batek baino gehiago balio du, Nuccio Ordinek L’utilità dell’inutile liburuan gogora-tzen digun bezala. Erraz ikusten dugu mailu baten hauen erabilpena eta gehiago kostatzen zaigu ulertzea zertarako balio duten musikak, arteak edo literaturak. Baina musika entzun bitartean, bat batean, sentitu dezakegu ez dagoela adierazpen gorenagorik hura baino, ez dagoela ezer indartsuago, sakonago, gure sentimendu eta zentzu guztiak elika-tzeko gai denik. Eta musikaren inguruan ere, aurreko eguneko hiletan bezala, halako energia kolektibo bat sortzen dela, halako batasun existentzial bat, garai ezberdinetako doinuak batzen direla doinu bakarrean eta gizakiok bizitzeko beharrezkoa dugun zerbait duela musikak. Zaila izango litzatekela musikarik gabeko mundu bat imajinatzea. Beraz, zaindu dezagun musika, eman diezaiogun duen benetako garrantzia, ez dezagun erail eta betirako agurtu musikarik gabeko hileta batean.