Behinola aforismo batean jaso bezala, ez dakit nola jakiten duen jendeak, 50 urte betetzera heltzean, bizitzaren erdia erdietsi duela. Ez dago zalantzarik, ordea, kopuru esanguratsua dela edo hala izan dadin erabaki dugula: mende erdi, bizitza erdi. Gure bizitza mende oso bateko gertakizunen lekuko aitortu nahiko bagenu lez.

Kontua da, aipatu kopuru borobilera heltzean, adin bereko herritarrak lagun, bazkari lege eta ondoko festekin ospatzeko ohitura dugula. Bizitza erdiari, hau da, lehenbiziko berrogei eta hamar urteei errepaso ona emateko estakurua dira gehientsuenetan bazkariok: ikaskide zaharrekin bat egiteko modua, kanpora bizitzera joandakoekin topa egiteko era, eta adinkideak izanagatik zein anitzak garen eta zer nolako bide ezberdinak hartu ditugun konturatzeko parada. Ez dago adin potoloari erreparatu gabe eta hausnarketa saiakerarik gabe aurrera egiten duenik. Galderen autobusak geldiunea du berrogei eta hamargarrenean.

Matematika edo fisika ariketa sinplea egiten jarriz gero, botilak erdi beteta egon behar du ordurako, nahiz eta botilaren tamainan aldaerak egon daitezkeen eta baita neurketa egiteko erabiliko dugun neurkinean ere. Botila, ordea, batzuetan, ez dago erdiraino beteta eta, beste batzuetan, erdia franko pasatuta dugu ikusten. Zorionaren bilaketarako abiatutako lasterketaren erdian kokatzen gara eta helmugara heltzeko egindako bideaz egiten dugu hausnar, karreraren momenturik onenean gaudela sinistu nahian, helmugarako gelditzen zaigun bidea gehiegi ezagutu ez arren. Hala ere, egindakoaren erdia omen: gaizki egindako guztia zuzentzeko adina edo, jadetsitako esperientzia lagun, aurrerantzekoak hobeto eta zuzenago egiteko ziurtasuna amets.

Hori bai, gelditzen zaigun erdi hori, lehenbiziko mende erdiaren erreplika sinple gisa irudikatzen dugu, mende oso bateko bizipenen proiekzioa eta lekukotza, matematika ariketa huts batean laburbilduko ahal balitz bezala.