Imanol kantariari buruzko saio bat lantzen ari zen ETB, Onintza Enbeitak aurkezten zuen Gure doinuak saiorako. Nik Imanolekin bizi izandakoez galdetu nahi zidaten. Onintza oso sentibera sumatu nuen, oso erasana, sentipenak irakiten zituela. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi berria zuen, eta zaleen goxotasuna izan zuen baltsamo. Izan ere, aste batzuk lehenago Che Guevararen figuraz artikulu kritiko bat idatzia zuen, eta haren ondoren pintaketak eta mehatxuak egin zizkioten. Hilabete batzuen buruan, berriz ere mehatxatzaile anonimoen jomugan da Bizkaiko txapelduna. Herenegun bertso saio bat iragarrita zegoen Algortan. Haren atarian, sare sozialen bidez iraindu egin dute, eta boikoterako deia egin. Pankarta bat ere jarri zuten.

Idazleek etxe-txokoan egiten dute lan, bakardadean sortzen dute. Imanolek, ostera, jendaurrean agertu behar izaten zuen, eta horretan diharduenak ezinbestekoa du entzuleen enpatia eta goxotasuna. Are gehiago bertsolariek. Entzuleen babesa eta hurbiltasuna jasota ere nahikoa zail bada bertsogintza, horren faltan ezinezko bihurtzen da. Imanoli buruz, iraganaz hitz egitera joan nintzen grabaketa hartara, baina Onintzak une hartan bertan bizi zuen gisa bereko infernua.

Zenbait ausart anonimok -anonimo guztiak dira ausartak- ez zioten barkatzen Che Guevararen ustezko zenbait jardunbideri buruzko susmo txarrak hedatu izana. Imanolek bizi izan zuen infernuaz galdetzera joan zitzaidan, baina Onin-tzak bere baitan bizi zuen mehatxuek eta irainek eragindako egonezina. Irain pertsonalak, irain matxistak, egileak erretratatzen dituzten irainak. Batzuek ez dute feminismoaren olaturik harrapatu, adierazpen askatasunarenik, garai berrienik.

Ni neu gazterik erretiratu nintzen bertsolaritzatik. Hala eta guztiz, aspalditxoan bueltaka darabilt irudipen bat: orduan gaur egungo sare sozialak egon izan balira, ausart anonimoek mehatxu egiteko baliabide hauek izan balituzte, askoz lehenago lekutu behar izango nuen. Baina agian, orain Onintzak bezala, babesa ere bestelakoa jasoko nuen. Besarkada bat, Onintza! Ezin zinezkoagoa.