Zirrikituetatik begira

Barrunbeak

09.02.2020 | 06:13

AGINTALDI-aldaketa bakoitzean talka bat gertatzen da, bataren amaieraren eta bestearen hasieraren artekoa, askorentzat mudantza handiak dakartzana. Batzuen aukerak, besteen ezinak. Batzuk iritsi, besteek iraun. Azken multzo bat ere bada: badoazenena. Euren borondatez batzuk, lekurik gabe geratu direlako besteak. Hauteskundeetan galerak izan dituzten alderdietan izaten dira, batez ere, horrelako kasuak. Edo emaitza txarrak izan ez arren agintetik kanpo gelditu direnetan. Horietako batzuk gertutik ikusi ditudan honetan, askoren etsipenak eta bakarren baten malkoek eman didate atentzioa. Ez dira kexatzen lekurik gabe geratu izanaz, inork begietara begira esan ez izanaz baizik. Politikaren barrunbeetan frustrazio pertsonal asko dago.

Politikak herritarren artean eragindako frustrazioa da, halere, kezkagarriena. Nafarroako sozialistek berriz ere gabezia izugarriak utzi dituzte agerian: independentzia dute eskas, kuraia, duintasuna. EH Bildurekin hitz egiteari ere uko egin diote, haien e-mailik ireki ere ez omen dute egin. Azken lau urteotan hainbat ekimenetan egin dute bat, baina orain beste eszenografia bat taularatu beharra zegoen, antza. Sanchezek ez zuen haien botoak onartzeko erreparorik izan, Raxoiren aurkako zentsura mozioa aurrera ateratzeko behar izan zituenean, baina orain marra gorriaz harago kokatu dituzte. Horren ondorioz, nafar eskuin erreakzionazioaren esku utzi dituzte hainbat alkatetza. Kolorerik mudatu gabe.

Politikari batentzat gauza bakarra dago herritarrei huts egitea baino larriagoa: haiek ezer espero ez izatea.