LKI eta EMK ziren garaietatik maite ditut, Batzarre bihurtu ondoren ere bai, baina ez nuen sekula ulertu Nafarroan EB-IU-rekin bat egin izana. Ezker Batuak beti egin zion uko Nafarroako populazio erdiaren euskalduntasunari; oraindik gogoan dut ama gure herrikoa zuen IUko buruzagi batek nola oinarritzen zuen, gehiagoko analisirik gabe, hark euskara irakatsi ez izana amaren borondate hutsean, Frankismoaren errepresio eta hizkuntzaren prestigio eza kontuan hartu gabe.

Espainiako ezkerrik jakobinoena ordezkatu izan dute Nafarroan, Ba-tzarrekoak ez bezala, eta horregatik iruditu zait koalizioa naturaren kontrakoa, esan bezala. Nafarroako Aldaketaren laukoan, goian bego, euskararen auzia plazaratu denean hizkuntza hedatu eta zabaltzeko ahaleginari uko egin diote: hezkun-tzan zerrenda bakarraren kontra izan dira, eta oposizioetan euskaldunak elebakarrak bezala tratatu izan dituzte hautagaiak hizkuntza aukeratzera beharturik, euskaldunek gaztelera ez balekite bezala.

Azken hauteskundeetara aurkezterakoan ere ez zuten Podemosekin bat egin nahi izan, eta hortxe daude diputatu bakarrarekin, Marisa de Miguel, oso nahigabetua hauteskunde gauean. Zer espero zuten?

Ez nuke poztu behar, baina hala egiten naiz horixe baitut Nafarroako (zein zaila den arragoa izatea) hauteskundeek eman didaten poz bakarra. Eta uste dut hautesleek zigortu egin dietela haien eskuzabaltasun exkaxa, haien bereizkeria.

Orain PSN tokatzen zaigu, espero; euskara eta euskal kultura eta munduari buruzko ikuspegi murritzailea duen partidua. Euskalduna izateagatik baserritarra eta terrorismoaren artean konkatzen zaituen jendea, Esporrin bezalakoa, gazteleraduna izate hutsak unibertsaltasunaren erdigunean daudela sinesten duen jendea. Miretsirik uzten naute, ez ote dute irakurtzen? Ez dakite munduaren aniztasunaz?

Nafarroan datorren gobernuaz horixe izango da ikusteko interesgarriena, noraino onartu duen PSNk euskara ere Nafarroako hizkuntza dela. Noraino ez diren irainduak sentitzen norbait haien aurrean euskaraz mintzatzen delakoz. Izquierda-Ezkerrari dagokionez, ezdeuskeria toki ederra da ahitzeko.