EZ litzateke egunkari honi dagokion gaia izan behar, horretarako dago Diario de Noticias de Navarra, baina nafarra naizen aldetik utzidazue kontatzen nola bizi ginen UPNren pean nafar batzuk. UPN ez zen ezer izango Forurik gabe, konbeniotik lortutako diruen arrimora hazitako partidua da, diru horiek gabe, PPn urtuko zena, baina konbenioak halako nafartasun marka bat eransten zion, boterea iraunarazi zuena, hogei urtetik gora.

Betirako balira bezalako sentsazioa izaten zenuen, begiak jaso eta han zeuden eternitatearen adierazgarri. Eta gauza izugarriak egin zituzten: ezertarako balio ez duten lan faranoikoak; nahiago izan zuten Jai Alai eraitsi, 1907an mustua, disidentziarekin esertzea baino; euskara arroztzat erakusarazi zuten Erriberakoendako; erregimen moduko bat sortu zuten non bezerokeria eta amigokeria ziren nagusi; baina batez ere nafarrok, bereziki nafar gazteleradunak, beren burua ikusteko modua aldarazi zuten pixkanaka-pixkanaka, ico-z josiz.

Ingurukoa dudan gazte batek aurreko hauteskundeetan ez duela bozkatu esan didanean, Ezker Abertzale inguruan, eta kontra, sortutako abstentzio aktiboa aldarri, saiatu naiz azaltzen Ezker Abertzaleak praktikan jarri jarri duela dagoeneko estrategia hori, eta ez ziola ezertarako balio izan, UPN izan dugula hogei urtez; eta estrategia nire ustez oker horrek kalte handia egin ziola nafar basko zalea eta euskaldunari. Gazte nafar horri erregutu diot joan dadila bozkatzera, arren, Nafarroan UPNz (eta eskuina) bestelako gobernu batekin bizitza arinago dela.

Kapitalismoaren gose zapaltzailea aipatu dit gazteak, arrazoia eman behar izan diot; PSOE eta UPNren artean ez dagoela desberdintasun handirik; PSN eta Geroa bai-ren politika ekonomikoak parekoak direla; Maravillasen gaizki aritu dela Nafar Gobernua; eta milaka arrazoi daudela borroka egiteko.

Denari baiezkoa ematea besterik ez zait gelditu. Baina, ez badu botoa emango, utz iezaidala, eta bozka dezala nik esandakoa. Badaki zer bozkatuko nukeen eta emateko egun batzuk pentsa dezan zer eginen duen. Zain nago. Bere boza erabiliko du, behar den bezala, nahiz eta UPNren goibeltasuna zer zen ez jakin. Arintasuna beti da arintasun.