sARRITAN begiratzen dugu Europako iparraldera. Letagin zorrotzez begiratu ere, gainera, hango herrialdeak, aspektu asko eta askotan, jomuga bagenitu lez. Eta, batzuetan, ez da gutxiagorako. Finlandian egin dute esperimentua. Oinarrizko errenta unibertsala ezartzearena, alegia. Bi urtez, bi mila langabeturi 560 euro sartu dizkiete, hilero, kontu korrontean. Ikerketaren emaitza, labur eta gaiztakeriaz esanda, estres gutxiagorekin bizi izan direla. Esperimentuaren gaineko irakurketak zabalagoak eta sakonagoak izan dira, noski.

Baina hango esperimentu eta bizipen guztiak ez dira lehenbizikoa bezalakoak. Danimarkan, adibidez, emakumezkoen herenak (“bakarrik” esango genuke hemen) dauka bere burua feministatzat eta ondo iruditzen zaie, kaletik doazenean, gizonezkoek txistua jo “eta gauza politak esatea”, baldin eta iraingarriak suertatzen ez badira. Kasu honetan, iparraldeko emakumezkoek, Europaren hegoaldera begira-tzen dute eta hegoalde horretan aurkitzen duten ustezko “berotasuna” goraipatzen.

Garai batean, espainiar filmeetan, Suediako emakumeak sexu askatasunaren ikurtzat hartzen ziren eta, geroxeago ere, Erasmus programaren bidez iparraldeko lurralde amestuetara joan izan diren gazteek, iruditeria berari dagokion lengoaia aho mingainean dutela bueltatu izan dira.

Hango gizonezkoei ez omen zaizkie gure herriko emakumeak gustatzen. Portzentajea kontuan hartuta, hemen denok omen gara feministak. Gogorregiak irudi-tzen gatzaizkie. Liskarretik hurbilegi bizi omen gara. Beraz, ezin txistu egin erakartzen ez zaituenari edo, are gehiago, kontuak eskatuz begiratuko dizunari.

Emakume eta gizonen arteko berdintasun egoera orekatuagoa edo garatuagoa den herrian, bitxikeriatzat jo daiteke aldamiotik gizonezko langilea azpitik pasatzen den emakumeari txistuka aritzea ondo iruditzea. Hemen, hasi da Ertzaintza, halako kasuetan, gizonezkoari kontuak eskatzen.

Inora begiratu beharrik gabe, lekuan lekuko neurriak.