ORAIN dela hiru aste edo, hauteskunde kanpaina baino lehentxoago, Gasteizko margolari ospetsu baten izena daraman plazan nengoela konpainia onean, taberna baten aurrean, oraindik erretzen duen lagun bat bakarrik ez uzteagatik edo gaugiro ona aprobetxatzeagatik, ardo kopa eskuan, ikusi ahal nuen Maroto jauna lagunekin taberna berbera zetorrela ondoko kale batetik. Fenomenoa ez da berri-berria, Gasteizko popularrek hiriaren alde hori maite baitute bereziki. Lagunak tabernara sartu, baina Maroto jauna kanpoaldean zeuden batzuekin (ez gurekin) gelditu zen, agurtzeko edo propaganada egiteko (inoiz ez da jakiten noiz). Taldearen hurbiltasunak, gure jakingurak edo txutxu-mutxu nahiak, hauteskundeen gertutasunak, Marotoren ahots ozenak, gure isiltasun interesatuak, zer dakit nik, den-denak posible egin zuen Marotoren erretolika politikoa gure belarrietaraino irits zedila. Emigrazioaz ari zen hizketan (hara!) eta ez-baina paradigma erabiltzen ari zen maisuki: bera ez dagola emigrazioaren aurka, noski, baina emigrazio ordenatua dela hemen behar duguna eta abar eta abar. Askotan errealitatea prebisibleegia da, aurreikusteko modukoa, ustebakeen edo ametsen aurkari tematia.

Horregatik ez nuen aurreikusten Maroto eserlekurik gabe geldituko zela, amets handiegia iruditzen zi-tzaidan. Baina oraingo honetan ametsa berriro gauzatu da, errealitateak gutxitan eskaintzen duen poztasun bitxi horietako bat gorpuztu du bigarren aldiz; lehendabiziko aldia Gasteizko alkatetzak galdu zuen egun gogonangarri hura da, jakina. Marotok Bilduri bota dio porrotaren errua, baina oker dabilela uste dut: egia da Bildu izan dela Marotok gure bizitzetatik kanporatzeko ahalegin sendoenak egiten dituena, baina Marotok ez luke ahantzi behar berari bozka eman ez dioten arabar gehienek zertxobait egin dutela bestelako etorkizun profesionala izan dezan. Egunen batean eskertuko digu.

Bai, badakit beste batzuek Marotoren politika berberak egin nahi dituztela modu sibilinoagoan, txiolandiako lagun batek zioen moduan, baina utzidazue une honetaz gozatzen; ez dira asko bizitza honetan.