AHAZTU esandakoa, bai? Askotan bukatzen zituen horrela esaldiak, hitzekin eraikitakoa bat batean desegin nahian bezala. Behin esandako hitzak erraz ezabatu ahal izango balira bezala. Bizitzan esaten ditugun hitzak hauteskunde kanpainetan esaten diren horiek bezalako arin eta lurrunkorrak balira bezala. Askotan esan zizun. Ahazteko, adibidez, behin esandako hitz “kursi” haiek, bere ustez, biluziegi agerrarazten zutenak zure aurrean; edo beste hitz haiek, benetan itsusiak, bere ahotik suge pozoitsu baten moduan atera zirenak jeloskor sentitu zen egun hartan. Ezabatu, bai? Esaten zizun behin eta berriro, eta zuk baietz, lasai egoteko, jada ahaztuta zenituela.

Baina hitzak, behin esaten direnean, gure buruen gainean hasten dira bueltaka, putre talde baten moduan, eta hor geratzen dira zain, berriz bueltatzeko gure gainera. Eta normalean zaurgarrien sentitzen garenean bueltatzen dira euren atzaparrak eta moko zorrotzak gure azal biluzian sartzera. Batzuetan, gogoratzen ditugun hitz horiek ezti zaporea dakarte gure eztarrira; baina beste batzuetan, hitzek erlekume handi baten moduan erasotzen gaituzte, eta haien ziztaden zauria eta pozoiaren itsutasuna sentitzen dugu.

Bizitzan esaten ditugun hitzekin mila piezetako puzzle erraldoi horietako bat sortzen doa, batzuek kolaz itsatsi eta gero marko baten sartuta etxeko paretetan zintzilikatzen dituzten horien antzekoa. Baina hitzekin sortzen den puzzle honetan ez dugu ikusiko Kanadako paisaia liluragarririk edo New Yorkeko panoramikarik, gure isla baizik. Zerbait baldin bagara, bizitzan esan ditugun hitzak garelako, eta esan gabekoak ere. Horregatik batzuetan pieza batzuk falta izaten dira puzzlea osatzeko.

Ahaztu esandakoa. Ezabatu, bai?, eskatzen zizun askotan. Eta zuk baietz erantzuten zenion, egoteko lasai, jada ahaztuta zenuela esandako guztia. Sekula ez zenion esan hitzek pisua dutela, sekulako pisua, eta batzuetan mila piezako puzzle baten atzera kolaz itsatsita geratzen direla gure bularrean, bueltarik ez duten bideen irudiak erakutsiz.