BEGIAK altxatzen ditut maiz, zeruak dakarrenari begiratzeko. Asteburuetako astialdian hala izaten ditut, gora begira, hodei tematsuen norabideari so, ostartetako espazio urdinari so, atmosfera horretako txori bidaiariei so. Horrela ikusten ditut lertxunak hegaldi motelean, edota miruak, karnabak, bele zaharrak, edota joan den igandean gertatu zen bezala, zikoinak. Bikoteka ikusi nituen, altura eder baten bila, egin beharreko habia eraiki-tzeko. Udaberria laster dugu hemen.

Hori ikusten dut gora begiratzen dudanean. Baina begirada gure alturan jartzen dudanean, belztasunak, hipokresiak, injustiziak eta desproportzioak ikusten ditut. Azkena, Espainiako Auzitegi Nazionalak egin duena. Terrorismo delitua ikusi ez duen arren, Altsasuko gazte auzipetuei ezarritako zigorrak berretsi ditu, eta 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorrak bana ditzake. Harrigarria! Ez dago terrorismorik, baina terrorismoa balego lez tratatuko ditu gazteak. Jende guztiak bere barneko labirintoetan aplikatzen duen logikak astakeriatzat hartzen du auzitegi horrek adierazitakoa; baina entitate horiek horretarako egin dira, justizia banatzeko. Defentsak berriz ekingo dio apelazioak jar-tzeari, emaitza ezin baita onartu, inondik inora. Eta bitartean mugimenduak izan dira Nafarroako eskuma arkaikoan, eta hala, UPN eta PP alderdiek indarrak batu dituzte “Espainia apurtu ez dadin”. Horretarako etorri zen Euskal Herrira PPko buruzagi berria, ituna egiteko, eta Altsasun berriz zirkoa muntatzeko. Koxka tabernan, tai gabe faltsukeriatan dabilen kazetari ezagun batekin elkartu zen, Nafarroa Espainia delako esateko, eta bertoko lagunen mehatxua zertan den ikusteko. Hamar minutu inguruko elkarrizketa egin zuten han, tabernako jabeak baimenik gabeko ekintza hura ezin zela burutu esan zien arte. Gero pertsiana jaitsi, eta kito. Inork ez zien jaramonik egin, inork ez, eta halarik ere, beren preformancea egin zuten, telezaborra saltzen duten hainbat telebista katetan gezurrak berriz haiza-tzeko. Bitartean, zortzi gazteek 850 egun beteko dituzte kartzelan.