Tradizioa, dogma edo erlijioa izaten ditu eskuin fundamentalistak menderik mende ezarririk etorri zaizkigun erakunde, estamentu eta ohiturak aldatzeari uko egiteko oinarri. Esate baterako, sexu bereko pertsonen ezkontzaren aurka daude Vox eta PP alderdiak edo eliza katolikoa, denek ere armairuak mukuru beteak izan arren. Baina gizartea aurrera doa eta harreman edo familia ereduak etengabe aldatzen ari dira.

Duela zenbait urte, Zarauzko Neguetxen afaldu, gaua pasatu eta gosaltzeko aukera bazuela jakinarazi zioten kalean kartoizko ohaxka baten gainean etzanda ikusi zuten etxegabe bati. Borondaterik eta asmorik onenez egindako eskaintzari, baina, gizonak muzin egin zion: “Badakit nik badudala aukera hori, baina zakurrik ezin dezaket han sartu, eta nik ez dut familiako kiderik kanpoan uzten.”

Suak kixkali du infernua. Izenburu metaforiko bat dirudi, baina kasu honetan gertakariei oso leial zaie. Ostiral goizean suak eraitsi zuen Donostiako etxe bat, Infernua deritzan gunean. Oraindik ez dakite zerk eragin zuen sutea. Sei lagun bizi ziren bertan, okupa. Hiru onik irten ziren, bi eraman behar izan zituzten ospitalera, bat bertan hil zen. Onik irten zirenei behin behineko aterpea eskaini zieten. Batek Zarauzko etxegabearen erantzun berbera eman zuen: “Txakurrak ezin ditut abandonatu”.

Familia eredu tradizionalak ditugunok, sekula lotarako aterpe duin bat falta izan ez dugunok, geure bizipen eta estatusaren aldaretik jujatzen ditugu etxegabeak eta beren zirkunstantziak. Ez zaigu buruan sartzen nola lehenetsi litekeen txakurrekin egon nahi izatea gaua aterpe goxo batean igarotzeko aukeraren aurrean, eta ez gara ohartzen finean oinarririk tradizionalenari eusten ari direla: lehenbizi familia.