EPAIKETA bat, ahozko ikustaldian behintzat, an-tzerkia da, batez ere; aretoen dotorezia antzinakoa, granate eta zur landua kasu honetan; keinu eta joan-etorrien erritualizazioa; akusatuen kokapena; defendatzaileena; akusatzaileena; janzkerak, togak, parpaila, oro da legearen nagusitasuna azpimarratzeko atrezzo, legeak, lege izango bada, agintzeaz gainera agintzearenak egin behar baititu, izaera mendekoen sinesgarritasunean duela baleki bezala.

Gabriel Rufianen fansa naiz. Santi Vilari dagokionez, hemen zutabe bat eskaintzearekin batera kritikatua dut bere De heroes y traidores: los dilemas de Cataluña y los diez errores del procés liburua, zeina despostimo ilustratuaren eredu iruditu baitzitzaidan.

Mindu ere mindu ninduen aitor-tzen duenean, besteei ez bezala, Omniumek ez ziola fidantza pagatu, independentziaren itsasontzitik jaitsi zelako, nonbait. Espainiako hedabide inozente eta garbiek seinalatu dute Rufianek Vila izan ezik akusatu guztiak agurtu dituela; beharbada, gehitzen dut nik, Vila ez agurtzeko agurtu ditu gainon-tzeko guztiak.

Rufianen keinuak gure arteko beste garai batzuk gogoratu dizkit aldeko eta kontrarioen arteko marra iragatea ezezkeria kontua zen garai haiek; traidore hitza egunerokoa zen garai, zorionez, joan haiek. Nik sinetsi nahi nuen katalanen autodeterminazioaren aldeko borroka eskuzabala zela, bat-batean iritziz aldatzeko aukera eskaintzen zuela, epelen aterpe ere bazela eta tarteko bideak ere eskaintzen zituela.

Kataluniako subiranotasunaren kontra dauden indarren etika ezarri nahi didatela badakit. Etika horretan Puigdemont korrika atera den bilaua da, Junqueras tonto mesianikoa eta Forcadell muturreko andre ero baten antzekoa. Badakit indar horiek ez luketela ustezko etika aratz hori hausteko batere arazorik izanen; badakit Rufianen keinuaren irakurketa interesatua egin dutela, baina niri itsusia iruditu zait. Erromako jeneralen handitasuna bentzutuei eskaintzen zieten tratuan ikusten omen zen. Ni areago joango nintzateke, aldeko izan eta itsasontzia utzi dutenekin erakutsitako abegian neurtzen dela uste dut. Botifler hitza desterratua beharko luke.