MeLA mela eintte etortzen giñen sarri umetan, etsetik hasau egon ez arren, kapelera hurrera baño gurago genuen euripean olgetan segittu. Sutera sartu eta zapladako bat edo agirika galanta, etxekonean edo hain paraje egon eta atordera etor barik hantxe ekinean derrigorrez egoteagaitik. Amak: “Kenduizuz erropa horrek eta ipini zattez sutondoko aulkian hotzitu barik, ointxe ekarko dotzudaz erropa sikuak, ganora barik ibiltteak holakoak dakaz eta. Seiñeri bere gedar ein beharkotzet ha be errezetan edo aterpean ezta egongo eta etxeratu daitten”. Halan edo antzean egin (eta egiten) dugu egunotan Bertso Eguna sabelean, bere barruan hartuko duen Bizkaiko Mungia herrian. Hori gure hizkuntza aldaera. Erkina neurri haundi baten, ez zuelako merezi, antza, zuen indar edo kargarik jaso Euskara Batuan. Akaso Hacia el vasco literario común egin zenean beste leku batzuei adi egongo ziran. Inondik ere erkiña ez den arren gure etxeko sutean bazkaltzen dutenean, kasurako, nire errainak “ogi” deitzen diolako, bilobak “ogie” eta ilobak “ogixe” eguneroko jangaiari.

Bertso zalez eta bertsoz mela mela edo blai izango dira egunotan Mungia aldean. Duela hilabete pasa hainbat izan ginan Barkaldoko BEC-en, azken domekan Sanantontxutako ohiko saioa etan zapatu honetan, ohore handiz, 2018.eko Bertso Eguna. Benetan ohorea, beti egin delako Donostian. Nire oroimenean lehena Lasarteri omenaldia Astorian (1972 edo 73) Lazkao Txiki-gandik oso hurbil bazkaltzeko abagunea izan nuenekoa. Beti Donostian, beraz, ihazkoa hutsean joan zen eta ibiltari egin dutenetik, Mungia lehena. Herriko, Larrauri auzoko, Juan Ormaetxe Taket izena duen bertsozale elkarteak gartsu egin du lana egitarau bete betea antola-tzen. Mamitsua, Rafa Rueda herritarra eta Maria Rivero kantariak, Jon Maiarekin eginen duten mintzaldia, hiru txoko edo elkartetako bertso bazkaria, kalez kaleko bertsopoteoa eta arratsaldeko bertso saioa, sorpresa eta guzti. Berriz ere txiki geratu dira bazkaltzeko nahiz Olalderako plazak baina, irakur-tzen nauzuen lekutik erduze larunbatean Mungira, bertsoz mela mela edo blai egiten.