Pentsatzekoa da tarte jakin ba-tzuetan gertatzen diren jende pilaketa horiek ekidinezinak direla, garraio zerbitzuen maiztasuna areagotzerik ez dagoelako, segurtasuna arriskuan legokeelako edota baliabide nahikorik ez dagoelako, baldin eta beste lerro eta herritar batzuk kalteturik atera daitezen nahi ez bada. Metroan pasaportea eskatzeari buruz, berriz, pentsatzekoa da hori egitea zaila izango dela, atzerapenak eta jende pilaketak ekarriko dituelako. Horixe diost senak... eta ez dakit horrek zer ikusirik daukan kontzertu batean pilaketak suertatzearekin eta maskararik gabe ibiltzearekin.

Denak dira aitzakiak, gutxi ba-tzuen aldetik. Txertoarekiko mesfidati azaltzen dira, denbora laburrean sortu dela aipatuta, munduan barrena heriotzak ekidin ez ezik osasun sistemari eusten lagundu diotela frogatu den arren. Ezarritako bestelako gomendioen eragingarritasuna ere zalantzan jartzen dute. Nolanahi ere, kontua da ez dutela izurriteari aurre egiteko neurri bakar bat ere proposatzen, izurritea bera ukatzea eta bere bidea egin dezan lagatzea ez bada, ezer gertatuko ez balitz moduan jardun ahal izateko. Horixe da, hain zuzen, izurriteari aurre egin nahian ari direnekiko eta gure gizartearekiko erakusten duten enpatia.

Guztiaz ere, ez dira herritar bakan batzuk soilik haien zilborrari eta interesei begira daudenak. Politikaren eremuan ere suertatzen ari da. Izurriteari aurre egiteko hartu beharreko neurriak deserosoak direnez gero, baitira haien egitekoa bazterrean laga eta erantzukizuna hurkoaren bizkar utzi dutenak, horien artean, Espainiako Gobernuak. Anabasa da gerta-tzen ari dena batzuen desgobernua dela medio... Izurriteari aurrea hartzeko erabakiak hartu behar zirela eta, bide horri uko egin diotenean, orain bilera bat antolatzeak ez dauka zentzu larregirik, argazkiez haratago, behingoz, izurriteari aurre egiteko neurri eragingarriak eta estalpe juridiko sendoa eskaini nahi ez badira... Zilborzentrismotik egiazko gobernagarritasunera, erantzukizunak hartzera eta partekatzera jauzi egin behar dugu guztiok, bakoitzak dezakeenetik ekarpena eginez, etengabe protestan edota auziari izkin egiten ibili beharrean.