exikoko presidenteak Espainiari barkamena eskatzeko eginiko iradokizunaren aurrean, kolonizazioan eginiko barrabaskeria guztiengatik, berehalako adierazpenak egin dira historian zehar gertatutakoen garrantzia arintzeko asmoz, besteak beste, proposamen egilearen izenarekin eta abizenekin jolasean ibili edota Espainiak eginikoa biztanleen onura ez besterik ekarri zuela baieztatzera iritsita. Direlako adierazpenak halako nagusikeriazko jarrera batetik egin dira, horixe baita historikoki Espainiako agintariek sasoi bateko koloniekiko izan duten jarrera eta portaera.

Konkistatzaileekin batera Ameriketara iritsitako abadeen egitekoetako bat lur horietan bizi ziren pertsonak, haien kulturak eta hizkuntzak bazterrenean lagaz, kristautasunera bihurtzea izan zen. Horrela, pertsonak bataiatu ahala izen kristauak ezarri zitzaizkien nonahi eta nolanahi, bide batez, jatorrizkoak ezabatuz. Ez dugu portaera horren testigantzak topatzeko denboran oso urrun joan beharrik, pasa den mendean, Francoren diktadurapean eta orduko elizaren onespenarekin, gure aitona-amonen izenak aldarazi baitzituzten, bestelako izenak, halako euskal doinuren bat izan zezaketenak, separatismoaren ikurtzat zeuzkaten eta. Horrela aldatu ziren izenak eta abizenak... eta, memoria ezabatu guran, euskal toponimoak erdalduntzeko eta ezabatzeko jarrera indartu zen.

Espainiarrek, Europako beste herrialde esanguratsu batzuen antzera, lur berriak eskuratu zituzten han bizi ziren gizataldeei ebatsiz, pertsonak apalaraziz eta, hainbatetan, lur berriok ustiatu ahal izateko, esklabo bihurtuz. Hainbat mendetan, munduko lurralde ugari ustiatu zituzten Europako orduko poten-tziek, Espainiak, Frantziak, Belgikak, Herbehereek, Alemaniak, Ingalaterrak, Italiak eta abar... Eta guzti-guztietan antzeko jokamoldea erakutsi zuten: lapurreta, esklabotza eta genozidioa. Ondorioz, halako egunetan, komeni da horren harro sentitzen direnek haien iraganaren irakurketa kritikoa eta autokritikoa egitea. Badakit ez dela kontu erraza, deserosoa da eta, are gehiago zibilizazioen arteko nagusikeriazko jarrera intelektual eta moral batetik abiatzen garenean. Badira historiagileak halakoak aipatu eta, nonahi, aberriaren arerioak balira isilarazi dituztenak. Izan ere, inork gutxik erreparatu nahi die iraganean eginikoei eta nahiago du kolonizazioaren onurak azpimarratu, ez besterik.

Kolonizatuak izateko zoritxarra izan zutenak, haien sineskeriak, mundua ikusteko era, hizkuntza eta kulturak galbidean ikusi zituztenak eta, eliteen partaide izan guran, partez asimilatuak izan zirenak, kolonizatzaileen kontra altxatu eta bide propioa egiten saiatu ziren. Nolanahi ere, burujabetzaren aldeko prozesu horrek ez zuen ekarri lurralde horietan bizi ziren gizataldeei zegokiena bueltatzea, mendeetan iraun baitzuen eta, oraindik ere segitzen baitu, gizatalde horiekiko mespretxua. Beraz, Espainiak, halako prozesuetan jardun zuten bestelako lurraldeek bezala, barkamena eskatzea behar-beharrezkoa da, baina ez da nahikoa, independentzia lortu zuten lurraldeetako eliteek partez betikotu baitute kolonialismoak ezarritako morrontzaren eredua barruratzen duten aniztasuna arbuiatuz eta ezabatzen saiatuz