Edozein modutara, galdu dugun normaltasuna zegoen-zegoenean errekupera daitekeen zalantza handiak dauzkat, normaltasuna aldatzen eta egoki-tzen joan delako iraganean, egoera, erronka eta joera berriek eboluzionatu ahala. Etorkizunean ere halaxe gertatuko da. Horrela, gizarte bezala pentsatu beharko genuke norantz egin nahi dugun, eskuartean dauzkagun arazoak eta balizko irtenbideak zein diren, tokiko esparruan mundukoan pentsatuz. Ingurumari horretan, erronka ugari dauzkagu: demografiaren, ekonomiaren, ingurumenaren, lurraldearen eta pertsonen kohesioaren, genero arrakala ezabatzearen, belaunaldi berriei etorkizuneko proiektua eskaintzearen eta abarren aldetik.

Unea garrantzi handikoa da, aldi baten amaiera eta beste baten hasiera dakarrelako. Horretxegatik, garrantzitsua da diagnostikoan eta aterabideetan asmatzea, hortik gizartea eraberritzea eta berrindartzea etorriko direlako. Orain, datozen hogei urtetarako jarraibideak irudikatzea garrantzitsua da, izurriteak laga dizkigun lezioetatik ikasiz eta aurreikuspenetan asmatuz. Horiek dira osagaiak gure Herria, berrabia-tzeko barik, berrindartzeko, hezkuntzan, azpiegituretan, gizarte zerbitzuetan, administrazioaren modernizatzean, herri-erakundeak herritarrak hurreratzean eta abarretan indarra jarriz. Inoiz baino beharrezkoagoa da auzolanean proiektu berritua irudikatzea, duela berrogei urte pasatxo irudikaturiko egitasmoa eguneratuz eta XXI. mendera ekarriz.

Inoiz baino beharrezkoagoa da norberaren zilborrari begiratu baino taldeari erreparatzea, gidalerroak adostuz, eskuz esku arituz, egoera berriei erantzuteko moldean jarriz. Behinola, Mitxelenak hizkuntzaren berreskurapenean arreta jarriz, handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokiaz jardun zuen bezala, guk geuk ere, aukerez betetako aldi honetan, horretan jarri beharko genuke arreta, gure hizkuntza, gizartea eta herria berrindar daitezen eta aurrera egiten segi dezaten. Zeruan baino oinak lurrean ditugula, ilusioa piztu eta indarrak askatzeko balioko duen eta XXI. mendeko erronkei erantzungo dien egitasmo berritua hezurmamitzeko eta eskaintzeko unea iritsi da.