ASA den urtean, hainbatetan erabili zen askoren ahotan haur eta gazteak eskolara eramatea ez zela segurua, ez eta lanera joatea ere. Horrela, bestelako interesak lehenestea eta herritarren osasuna bigarren mailan uztea egotzi zitzaien agintariei. Geroak erakutsi digu eskola ez ezik, laneko eremua ere seguruak direla, besteak beste, esparru horietan suertatu diren kutsatzeak oso noizbehinka suertatu direlako. Haatik, eremu horietan, behar diren babes neurriak hartuz, jarduerari eusteak onura ez besterik ekarri du, hezkuntzan aukera berdintasuna eta norberaren familia-bizitza eta lanekoa bateragarri bihurtuz eta jarduera ekonomikoari zelanbait eutsiz. Tamalez, iragarpen ezkorrak, apokaliptikoak egin zituztenek ez dute haien jokabidea zuzendu eta bestelako salaketa eta kalamuak barreiatzen segitu dute, horrek abantailen bat eskuetaratuko dielakoan.

Esperientziak diosku ikastetxe eta lantokietan antolaturiko eremuak askoz seguruagoak direla kaleetako espazio zabalak baino, azkenetan, eskolek eta lantokiek ezarritako baldintzak lausoagoak baitira eta, hortaz, norberaren eran-tzukizunaren iritzira dagoelako distantzia fisikoa gordetzea, maskara jantzita eroatea, izurritearen zabalkundea galaraztea eta abar... Eta hor, kale egiten ari da gizarte hau, era nabarmen-nabarmenean.

Atentzioa deitu dit kale-edanaren inguruan jazotzen ari direnak zuritzeko batzuen aldetik behin eta berriro egiten den ahalegina, kontua ez baita oraingoa, lehendik datorrena baizik. Halako jokabideen muinean, egoskorkeria eta zabarkeria ikusten ditut nik, ez besterik. Egoskorkeria bai, espazio publikoa nahierara erabil daitekeela, herritarrei lo egitea galarazi dakiekeela, dena zikin laga, polizia indarrei eraso egitea, suhiltzaileei trabak jarri edota kale-garbitzaileak xaxatu daitezkeela pentsatzen dutenen aldetik... Eta zabarkeria, familia batzuen aldetik, euren seme-alaben heziketa hezkun-tzaren bizkar utzi eta haien egitekoari izkina egin diotelako. Guraso izatea umeak mundura ekartzea baino zerbait gehiago da, nire ustez.

Eta nolanahi justifikatu behar dugunez, gazteek kirola egiteko eta aisialdiaz gozatzeko aukera urriak dituztela aipatu eta nahita ahaztuko ditugu, egun, zaurgarrienak jagoteko, kirola egiteko, aisialdi eta kultura-ekintzez gozatzeko, parte hartzeko zein antolatzeko, sasoi batean baino azpiegitura, eskaintza eta aukera dezente zabalagoa daukagula. Arazoa beste bat da, gazte eta heldu batzuek kale-edana dutela harremanak lantzeko helduleku nagusi, batzuentzat, bakar ez esatearren... Eta bost axola die horrek sorrarazten dituenak! Eta gauzak horren gordin esatea gustuko ez duenak, astebururo, edozer egiten eta edozelan dabiltzanak bilakatuko ditu sistemaren ustezko biktima eta, gainerako guztiak, errudun, harik eta ezbeharren bat gertatu, konponezinen bat suertatu eta damutu arte.