Galileok, 1600. urtean Giordano Bruno erre zutela gogoan harturik eta torturak jasango zituen beldur, Kopernikoren teoria arbuiatzen zuela zin egin behar izan zuen. 1633. urtean, Ofizio Santuak Galileok, Kopernikoren teoria frogatuz, urtebete lehenago idatzitako liburua debekatu eta espetxera kondenatu zuen. Diotenez, zin egitean gehitu omen zuen "ibili badabil, ordea" esaldi entzute-tsua. Pentsatzekoa da gertaera asmatutakoa dela, epaiketan parte hartzen zuten kardinalek ez baitzuten halako auzi esanguratsu batean zina zalantzan jar zezakeen ezer onartuko, areago ahalguztidunak zirenean eta garrantzi bako auzi lausoagoetan sutara edonor eta edozergatik kondenatzen zutenean.

XVIII. mendean, Frantziako Iraultza suertatu zen eta aldaketa azkar eta esanguratsuak ekarri zituen Frantzian oso denbora laburrean. Gertaera horren muinean, askotariko arrazoiak egon ziren: batzuek pilaturiko pribilegioak, gero eta herritar gehiago mendeko izatera bultzatzen zuen sistema politikoa, txirotasunaren heda-tzea, gerrak eta abar. Kontua da, iraultzaren printzipioek eragin luze-zabala izan zutela munduan barrena. Hastapenean, iraultzaren habeak hexagonoan eta kolonietan albait arinen zabaltzeko asmoz, herritarrek zekizkiten eta erabiltzen zituzten hizkuntzak baliatu ziren... Egoera horrek, ordea, gutxi iraun zuen, jokaera hori Frantziako Iraultzak aldarrikaturiko herritarren arteko berdintasunaren kontrakotzat hartu baitzen. Horrela, Paris inguruan baliatzen zen mintzaira lehenestea, Frantzian eta kolonietan ezartzea eta gainerako hizkuntzak baztertzea erabaki zen. Horri zor zaio frantses hizkuntza hedatzeko eta gainerako hizkuntzak galbidean jar-tzeko prozesua, orain arte etenik gabe iraun izan duena.

Subjektu nazionala gotortzea eta gainerako izaerak ezabatzea da helburua. Horretarako, hizkuntza, hezkuntza, administrazioa eta armada erabiliz... Baina baztertuak izan ziren hiztun-elkarteek gaurdaino iraun dute, askoz ahulago bada ere. Frantziak ezin du hizkuntza bakarraren kontua herritarren arteko berdintasunaren ikur-tzat hartu, besteak beste, bere izaerari eusteko, asimilatua ez izateko eta ingeles hizkuntzari aurre egiteko, Europar Batasunak darabilen Aniztasunean bat eginik goiburua besarkatu behar izan duelako. Aniztasuna baldin bada Europako estatuen arteko berdinkidetasunaren ardatz, printzipio hori eskubideetan berdinak izan behar duten herritarren oinarria ere izan behar du, euskaraz, bretoieraz, gaskoieraz eta abarrez ari diren hiztun-elkarteei bideak irekiz eta aitortuz. Inguruabar horretan, aurreko astean, Frantziako Biltzar Nazionalean, eskualde hizkun-tzei buruz onarturiko legea urrats bat da, garrantzitsua... baina ez da nahikoa, mendetan desagerrarazi nahi izan diren eskualde-hizkuntzak biziberri-tzeko estatus bereziaren aitor-tza eskuratzea ezinbestekoa da eta... Ibili badabiltza, ordea, mantso ibilita ere.