USKAL Herria Bilduren bozeramaleak aditzera eman berri duenez, gizartearen zati zabal bat Ertzaintzaren kontra dago. Hala berean, gaineratu du ez duela jendea kolpatzen duen espainiar polizia eredurik gura. Baieztapenak baditu hainbat hari-mutur kontrajarri beharko liratekeenak. Hasteko, komeni da kontrakotasun hori, era zabal batean, non gertatzen den zehaztea, bai eta jarrera horren aurrekariak aztertzea ere. Izan ere, azterketa soziologikoek nabarmentzen dutenez, bereziki, Otegik ordezkatzen duen sektore politikoaren zati esanguratsu batek erakusten du Er-tzaintzaren kontrako jarrera eta herra. Nolanahi ere den, jarrera hori ezin bereiz daiteke Otegik ordezkatzen duen sektore politiko horrek Ertzaintza sortuz geroztik zabaldu duen diskurtsotik, Ertzaintzaren kontra erabili duen estrategiatik eta polizia-indar honi egin dion jazarpenetik.

Gizarte demokratiko batean, poliziaren zeregina ez da inor kolpatzea edo jipoitzea, herritar guztien eskubideak zaintzea eta gizartean bizikidetzarako hartu diren arauak betearaztea baizik. Horrela, herritarrek protestarako eskubidea izateak ez dakar, halabeharrez, gainerako herritarren eskubideak hankapean hartzeko ahalmena. Laneko arazo bat suertatzen denean, batzuek greba egiteko eskubidea duten modu beran, beste batzuek lanera joateko eskubidea dute; batzuek protestarako eskubidea daukaten legetxe, gainerakoek etxera, lantokira eta abarretara lasaitasunez joateko eskubidea dute; batzuen aldetik arauak ez bete-tzeko jarrera dagoen artean, guztion zeregina izan behar du pedagogia soziala egiteak... Baina, ahaleginak egin ondoren, kontuak lehengo lepotik burua segitzen badu, ez dago beste erremediorik, zehapenen eta errepresioaren bidea jorratzea baino, isunak jarriz eta arauak betetzeko jarduketak eginez.

Bistan denez, aurrekoak ez du esan nahi gehiegikeriazko jokabideak suertatzen direnean ikertu eta erantzukizunak zuritu behar ez direnik... ez eta eredu oro aldian-aldian berrikusi behar ez denik ere, gizartea aldatzen eta ezaugarriak eta beharrak beste ba-tzuk izan daitezkeelako. Kontua da Ertzaintzak integrala izan behar duen ala ez! Era profesional batean jardun behar duen ala ez! Edo zereginak kimatu behar zaizkion edo agintzen duenaren edo oposizioan daudenen apeten arabera, interes politikoen morroi bihurtu nahi den.

Zein da zehatz-mehatz batzuek aldarrikatzen duten polizia eredua? Batzuen eskubideak lehenesten dituena? Delituak jazar-tzen eta arauak betearazten ez dituena? Batzuen gehiegikeriak babesten eta batzuei komeni zaienean beste aldera begira-tzen duena? Hala balitz, ez ginateke arituko gizartearen zerbi-tzura dagoen polizia bati buruz, interes pribatuen altzoan jardungo duen indar bati buruz, guztiz ideologiko, arbitrario eta ez demokratiko batez baizik.