Euskal Autonomia Erkidegoan, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko legeak, hogeita hemezortzi urte bete zituen pasa den astean, azaroaren 24an, hain zuzen ere. Ez dira gutxi! Lege hori onartu ostean, irakaskuntza elebidunak izugarrizko bultzada jaso zuen, bai eta herri erakundeetan euskara normalizatzeko planek ere. Euskarak bidea egin du gizartearen hainbat alorretan, hala nola aisialdian, kultura adierazpideetan, eremu sozioekonomikoan edota euskara lan-hizkuntza bilakatzeko norabidean... Baina oso mantso goaz, egiatan, ezagutzak ematen dizkigun aukeretatik oso urrun gaude, besteak beste, iraganetik iltzatu zaizkigun eta barruratu ditugun iner-tziak astintzeko ezgauza izaten ari garelako!

Azter dezagun herri-erakundeetako langileen artean euskararen jakintza noraino iristen den eta eguneroko lan-hizkuntza zein den. Ohartuko gara gaztelaniatik euskararako itzulpenak segitzen duela nagusi izaten gehienbat elebiduna den gizatalde batean. Segi dezagun herrietako eta hirietako kultura eskaintzaren nondik norakoak aztertzen eta konturatuko gara gaztelaniak daukan pisuaz, besteak beste, euskaraz dakiten gazteentzako eskaintzaz ari garenean... beste horrenbeste aisialdiaz edota kirol jarduerez ari garenean. Zaila da euskarari atxikimendua izatea, normala denez, oro hartzailea den hizkuntza erdara denean... Nago irizpide horiek behar ditugula berrikusi, askotariko eskaintza behar dugula berraztertu, bestela jokatu, baldin gure hizkuntzari presentzia are handiagoa eta haren aldeko erabileran jauzi erabakigarria eman nahi badugu.

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideez hitz egiten dugu, askotariko zerbitzuen emaileak edota kontratatzaile nagusiak herri-erakundeak direla ahaztuta. Beharbada, irizpideak adostuko eta apurka-apurka gauza-tzeko bidean jarriko balira, euskararen presentzia are handiagoa litzateke eremu sozioekonomikoan, aisialdi, kirol eta kultura adierazpide desberdinetan... azken finean, euskararen presentzia indartu eta eskaintza indartuko bagenitu, are errazagoa litzateke euskararen erabileraren aldeko giroa hedatzea, eguneroko eta ohiko hizkuntza izan dadin urrats erabakigarria eginez.