URE artean ezaguna den arkeologo, paleoantropologo eta arkeozoologo bati indusketa batzuetan parte hartzen ari zela gertatua da, antza denez. Bazkaltzeko asmoz, hurbilen zegoen herrixkara hurreratu zen. Taberna hartako etxekoandreak oso abegikor hartu zituen bisitariak, paraje hartan, ez baitzen ohikoa bezero berriak hurrera zitezen, are gutxiago ulertzera iristen ez zen zeregin batean ari zirenak. Gose zen gipuzkoar ikertzaileak erbia aukeratu zuen plater nagusi gisa. Eskaturikoa halaxe zerbitzatu zioten eta horrek berehala irentsi zuen, ondo egina eta gozo zegoen eta.

Platerean hondakinak ez besterik geratzen zirela, etxekoandreari deitu zion. Emakumea halako kezka puntu batekin inguratu zen mahaira. Memento horretan gipuzkoarrak esan zion jan berri zuen katua oso gozo eta ezin hobeto prestatuta zegoela. Emakumeak ez zekien non sartu, aurpegia gorritzen hasi zitzaiola, eta, totelka, oker zebilela eta, zerbitzatutakoa erbia zela baieztatu zion, nahiz eta hi-tzen doinuek ez zuten aparteko indarrik iradokitzen. Gipuzkoarrak, ordea, andrearen ataka zailaz ohartuta lasai egoteko esan, gozo zegoela berriz azpimarratu, gaiaz zerbait bazekiela adierazi eta hezur haiek katu batenak bakarrik izan zitezkeela baieztatu zion. Iritzi-trukeak ez zuen segidarik izan!

Gertaera hori etorri zitzaidan aurreko astearen erdialdean, EH Bilduk, ezer okertu ezean, Espainiako aurrekontuak babestuko zituela lau haizeetara barreiatu zuenean. Pentsa-tzekoa da, mementoz, musu-truk egin duela iragarpen hori, ez baita babes horren truke ezer zehatzik dagoela eta zerbait hitzartu dela inon azaldu. Horretan beharrean, edukirik gabeko iragarpen soilak estatuko alderdi batzuetan edota EAJ alderdian sorrarazi duen ustezko ondoezean jarri dira indarrak.

Ciudadanos alderdia, Espainiako aurrekontuak bideratzeko ekuaziotik aldentzeko saiakera gorabehera, printzipioz, ona da herritarren ordezkaritza duten alderdiek herri-erakundeen gobernagarritasunean inplikatzea Madrilen, Iruñean eta Gasteizen. Besterik da, azaldu ahal izatea toki batzuetan musu-truk edo merke an-tzean ematen den babesa zergatik den ezinezkoa Euskal Autonomia Erkidegoan... eta hor badira bi argudio egiazkoak ez direnak.

Lehenengoa, ezker-eskuin banaketari buruz EH Bilduk erabili ohi duen dialektika bitxia. Hemen dugun eta ezkerreko alderdi batzuek miresten duten ongizate eta herritarrak babesteko eredua, Espainiako eta Europako beste lurralde batzuekiko aurreratuena, ez da EH Bilduren osagairik garran-tzitsuenaren ekimenaren emaitza, beste batzuen ahaleginaren fruitua baizik, besteak beste, gizartearen sektore horrek beste estrategia bat zerabilelako herritarren gehiengoaren beharrak, desirak, lehentasunak eta nahiak aintzat hartzen ez zituena. Zein da azken berrogei urteotan Sorturen aurrekoek gizarte honi eginiko ekarpena? Nahigabea, bazterkeria, eskubideen urraketa sistematikoa eta desberdin pentsatzen zutenak jazartzea!

Espainiako aurrekontuak babesteko arrazoia erregimena eraistea omen da. Horra hor beste baieztapen bat egiazkoa ez dena. Ezen, nik dakidala, Espainiako 2021eko aurrekontuek barruratzen baitituzte Espainiako Errege Etxeari, Guardia zibilei, Armadari, epaileen sistemari zein bestelakoei eusteko bideratu beharreko diru-ekarpenak... Ala, guardia zibilak eta armada Hego Euskal Herritik atera, Errepublika aldarrikatu, erabakitzeko eskubidea onetsi eta beste zenbait aldarrikapen, orain arte ezinbestekoak zirenak eta beste batzuk larru-tzeko erabili ohi direnak, hi-tzartu ote dira? Esan dezagun garbi, EH Bilduk erbia saldu nahi die herritarrei, bereziki, bere jarraitzaileei, platerean dagoena katua, eta ez gozoa, denean! Ondo etorriak egiazko politikaren basatzara, non bilatzen denaren eta lor daitekeenaren arteko dialektikak agintzen duen!