Beste horrenbeste esan dezaket halako obrak testuinguruan kokatu beharraz azalpenak, ohar edo iruzkinak gehitzeari buruz egin diren proposamenen inguruan. Sexuagatik, koloreagatik, aukera sexualengatik eta abar lagun hurkoarekiko herra erakusten duena ez da iritziz aldatuko halako azalpen batzuk irakurtzeagatik, seguruenik, atal hori ezabatu edota albait arinen igaroko baitu. Aitzitik, beste ikuspegi irekiagoa duenak, jakingo du bere balioen, iritzien eta jarreren arabera, aurrealdean daukan hori balioesten eta garai bateko testuinguruan kokatzen.

Nago, egungo begiekin, balio zein bestelakoekin, sasoi bateko gertakizunak aztertzen eta gaitzesten ohituegi gaudela, horrek halako nagusitasun moral eta etikoa ematen digulakoan, dezakegunari ateak ixten eta itxurakerietan murgiltzen laguntzen digun bitartean. Hobe genuke iraganari baino egungo gizarteetan egin beharko genukeenari erreparatuko bagenio, iltzatzen joan diren desberdintasunak orekatzen saiatuz, bazterkeria oro alboratuz, aukera berdintasuna sustatuz eta abar. Bizi eta gainerakoei bizitzen laga, betiere, guzti-guztion eskubideak errespetatuz eta goiburuan ditugula... Eta ohar gaitezen bihar-etzi izango diren belaunaldiek orduko begiekin epaituko gaituztela eta gaur egun guretzat segurua dena zalantzan jarriko dutela!

Arrazakeriari, jarrera totalitarioei eta abarri aurre egin ahal izateko daukagun modurik eragingarriena halakoak sorrarazten dituzten arrazoietan sakontzea eta konponbideak bilatzea da. Pertsonek gizartea behar eta bizi dute eta denon artean egin behar ditugu ahaleginak elkarrekin bizitzeko, bai eta elkarrekin bizitzen ikasteko ere... Baina ez dakit gainera datorkigunak, hots, krisi ekonomiko latzak, horretan lagundu edo bakoitzak bere zilborrari begira ibiltzeko eta gainerakoak bazter-tzeko joera indartuko ez ote duen.