GAZTE denboran, gazte ugarik ikasketak bertan behera laga eta itsasora joan nahi izaten zuten, besteak beste, lehorreko bestelako lanen ondoan, askoz gehiago irabazten zelako. Orduko harrokeria hain zen horrenbesterainokoa non, joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaierako asteburuetan, ohikoa izaten zen xanpain botila ugari kale kantoi eta bazterretan aurkitzea. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri eta argibide bila hurreratu zitzaizkion zenbait enpresa. Izan ere, edari horren kontsumoari erreparatuz gero, Espainiako Estatistika Erakundeak plazaraturiko biztanleko kantitatea halako hiruzpalau izan behar baitzuen Ondarroako herritarrena.

Gerora, arrantzaren kontuak eta soldatak gainbehera etorri ziren... Eta herritarrek lehorrera jo zuten, lan eta baldintza are hobeen bila. Hortik aurrera, gero eta beltz gehiagok egin zuten itsasoan lan egiteko jauzia. Harik eta, beste krisi bat etorri, lehorreko lana eskastu eta beltzek bertokoei lana ken-tzen zietela zabaltzen hasi ziren arte. Zorionez, zurrumurru horiek ez zuten luzaroan iraun! Nolanahi ere, antzeko kontuak entzun ditugu nagusien zain-tzan, ostalaritzan eta halakoetan lan egiten dutenei buruz. Nahiz eta, halakoetan lan egiteko aparteko borondaterik ez duten erakusten kritika horiek barreiatzen dituztenek, besteak beste, lan baldintzak ez direlako beraiek bilatzen dituztenak.

Beltzekiko eta, oro har, azala kolore desberdinekoa dutenekiko aurreiritziak eta kontrako jarrerak ez dira atzo goizekoak, ezpada, iraganetik datozen kontuak. Hizkuntzari berari begiratuz gero, erraz topatuko ditugu juduak, ijitoen herria, beltzak zein bestelako gizatalde arbuiatuak darabiltzan esapide eta marmarrak, pertsona horiek apalesten eta iraintzen dituztenak. Ildo horretan, asko dugu egiteko: gizatalde guztiek egiten duten ekarpena balioetsiz, integrazioa -ez, asimilazioa- bilatuz, bizitza publikoan ari direnen jarduna zainduz, hedabideetako hizkuntza jasoz, heziketan eraginez, familietan balioak landuz eta abar.

Nago globalizazioak ekarri dituen gauza onen artean, jendea elkar ezagutzeko, bakoitzaren ikuspegia zabaltzeko aukera eman eta handitzea izan dela, mundua txiki geratu baitzaigu eta inoiz baino errazagoa delako mundutik barrena ibiltzea. Ezagutzen ez den horrekiko beldurrek, aurreiritziek eta abarrek ez dute askotarikoa den gizartea ehuntzen uzten eta bai, ordea, zartatzen, bazterkeria eta jendearen isolamendu sustatuz. Horrela, kolorea, maila soziala edo jatorria ezin bilaka daiteke inor bazterrean lagatzeko, aukerarik gabe uzteko helduleku... Eta arrazakeriaren argudioa ezin bilaka daiteke gizartearen aldetik gaitzetsi beharreko jokabideak lausotzeko zuribide ere. Azken finean, denok ditugu eskubideak, bai eta eginbeharrak ere ?hainbatetan ahazten zaigu kontu hori?. Gure gizartean, arraza, gizarte-maila, jatorria edo zeinahi kontu gorabehera, alproja eta heziketarik gabeko pertsona ugari dago, besteen kontura bizitzea beste asmorik ez dutenak... Eta horrek ez dauka azalaren kolorearekin zein bestelakoekin zer ikusirik, bakoitzaren heziketarekin eta aldartearekin baizik!