Badira hainbat urte goiburuan azaltzen denari buruzko kezka azaldu nuela. Orduko hartan, jaiotze-tasa emendatzeko erabaki sendorik hartu ezean, aditzera eman nuen epe ertainean askotariko arazoekin topo egingo genuela: gizartearen zahartzea, eskaintzen diren zerbitzuei buruzko aurreikuspenak eraberritu beharra, lan munduan erretiroa hartzen zuten langileak ordezkatzeko zailtasunak, euskara biziberri-tzeko asmoz eginiko urratsen moteltzea eta abar. Orain, beste gizarte batzuetan lehenago jazotako fenomenoak bete-betean harrapatu gaitu.

Arrazoiak ugariak dira. Alde batetik, askotariko aukerak eskaintzen dizkigun gizartea da geurea. Ondorioz, jendeak gero eta lotura lausoagoak nahi ditu, besteak beste, bizitzak eskaintzen dituen aukerak (besteak beste, aisialdian) ahalik eta gehien baliatu nahi baititugu. Beste alde batetik, ekonomiaren globalizazioak pertsonak epe laburrera pentsatzera eramaten ditu, ez baitago garbi bihar edo etzi zer jazoko den, bai eta aldian-aldian hartzen diren konpromisoei erantzuteko moduan egongo garen ere. Horri gehitu behar diogu jende andana lan-baldintza eskasetan ari dela, familia proiektu bat gauzatzea zailtzen delarik. Azkenik, jaio-tze-tasaren emendatzea ez da lehentasunez eta epe ertain-luzeko ikuspegiz jorratu izan den zerbait, laguntzak eta askotariko erraztasunak bideratuz eta askotariko familiak horren alde egin dezaten bultzatuz.

Gauzak horrela, jaiotze-tasaren jaitsiera aukera gisa onbideratu beharko genuke, arazo moduan antzeman beharrean. Lehenbiziko aukera eskolako umeen jaitsierak ekar dezake, horrek gauza berberak baliabide berberekin egin ordez, aniztasunari beste era batera eran-tzuteko aukerak eskain baiti-tzake, emaitzak hobetuz, gizartea ehuntzeko aukerak ugarituz eta lan-munduko beharrizanei era eragingarriagoan erantzutera bultzatuz. Beste kontu bat gogotik aztertu beharko genukeena: adin batetik gorako pertsonen eskarmentua bidean ez galtzea. Ematen du gazte belaunaldien ekarpenari egiten diogula kasu, gure nagusien ekarpenak jada ezer gutxirako balio duelakoan. Komeni da gure nagusien eta belaunaldi berrien ekarpena errail berean jartzea, inor baztertu edota gutxietsi gabe, horrek esperientzian ardazturiko gizarte hobea eraikitzen lagundu baitezake.

Pentsatu egin beharko genuke zergen bidez herri-erakundeek jasotzen dituzten baliabideak gaurko zein biharko beharrizanekin ondo uztartzen diren, lehendik hartutako konpromisoak zalantzan jarriz eta berrietara begiak jarriz. Izan ere, hainbatetan, aurreko aurrekontu-lerroak zalantzan jarri gabe berriak irekitzeko ahalegina egiten da, gizartea etengabe aldatuz doala hausnartu gabe eta, bidenabar, beharrizanak ere bai... eta beharrizan berriei ez dagoela erantzuterik zerga-presioa etengabe igoz, gastu eta inbertsio-politikak birpentsatuz baizik.