Azken egunotan, munduko mendirik garaienean geratzen ari den jende uholdea hizpide izan dute hedabideek. Horrela, ilara luzeak ikusi dira Hillary Eskaloia deiturikoa igaro ezinda, txanda noiz iritsiko zain... eta horren ondorioz, hainbat hilik ere suertatu dira. Sasoi batean, konpromisoa, abentura, sakrifizioa eta kirol balentria zena egun garaikur eskuraerraz bilakatu da, ia edozeinentzat. Horretarako, nahikoa da diru dezente ordaintzeko prest izatea. Izan ere, gaur egungo gizartearen zati batentzat helburua da beste ezeren gainetik lehenesten dena... eta nik ez diot jarraibide horretatik datorren ezeri inolako meriturik aitortzen.

Mendizaletasunari loturik agertu ohi diren balioak ezerezean lagatzen direla? Neurriz kanpoko ustiatze horrek inguruan kalteak eragiten dituela? Eremu horien aldamenean bizi diren gizarteen garapenean hala moduzko eragina daukala? Segurtasunean eragiten duela? Berdin dio! Enpresak eta baimenak ematen dituztenak baitira mugimendu horren altzora negozioa egiten ari direnak eta nekez utziko baitiote mama goxoa darion errapeari tiraka egiteari... harik eta xarma oro desagertzen, ezerezean geratzen den arte. Baina fenomeno hori, neurriz kanpoko masifikazio hori, ez da kontu berria. Lehenago gertatu baitira halakoak munduko beste eremu ba-tzuetan.

Egun, lo egiteko tokia hartzeko asmoz, ospea daukan gailur baten magalean dagoen Pirinioetako aterpe batean leku bila bazabiltza, lanak izango dituzu -baita zeharkaldia egiten ari bazara ere-. Hasteko, inork ez dio telefonoari erantzungo... eta saio askoren ondoren, norbaitek erantzutea lortzen baduzu, erreserba webgunearen bidez egin behar duzula erantzungo dizu. Orduan, zure harridurarako, ohartuko zara uda osoan ez dagoela toki bakar bat ere libre. Izan ere, badira enpresak toki ia denak aldez aurretik hartzen dituztenak eta, negozioa egiteko asmoz, bezeroei eskaintzen dizkietenak. Horrela, datak hurreratu ahala, azken mementoan, tokiak libratuz doaz, enpresek lotu dituzten bezero kopuruen arabera. Praktika horiek gero eta zabalduago daude, Pirinioetan ez ezik, beste toki ba-tzuetan ere bai.

Federatu txartela izateak berdin dio! Kirola praktikatzeko azpiegitura horiek baliabide publikoekin eginak izateak ere bai... etekin ekonomikoa lortzeko asmoz, azpiegitura horien zeharkako pribatizazioa gerta-tzen ari da, ardura duten herri-erakunde eta federazioak beste aldera begira dauden bitartean.

Nork ez du ikusi gutxieneko ezagutzarik ez daukan jendea kranpoi eta bestelako baliabideak erabiltzeko ikastaro laburrak jasotzen... eta biharamunean, sekulako aldapan, zure ondoan joaten? Zenbat bider lagundu behar izan diogu jendeari gailur batetik jaisten, gutxieneko ezagutzarik ez zeukalako, entzuna zuen halako gailur mitiko bat nolanahi igo nahi izatearen ondorioz? Mendizaletasuna ez baita bakar-bakarrik mendietara igotzea, ezpada, mendietara zer-nolako balioekin igotzen den ere bai!