Hedabideek barreiatzen dituzten inkestetako emaitzak -atzokoa izan zen azkenengo eguna halakoak argitara emateko- inor gutxi asebetetzen ditu. Alde batetik, gehienez, joerak antzeman daitezkeelako. Beste aldetik, inkesta batzuen atzealdean interesak daudelako. Ezbaian egon daitezkeen herritarrak lehian dauden hautagaien alde egin dezaten bultza-tzeko asmoz, halakoak gero eta gehiago egiten baitira. Azkenik, kontu bat da boto-joera, alderdi bakoitzarentzat begiz jotako boto-ehunekoak... eta guztiz bestelakoa hauteskundeetara aurkeztu den alderdi bakoitzak igande honetan eskuratuko duen eserleku-kopurua. Izan ere, barruti bakoitzean, eserlekuen dantza egongo da oso boto gutxigatik, eta gehiengoak osatzeko aukera erabat baldin-tzaturik egongo da.

Jadanik badira ezkerreko alderdiek, boto kopuruan, eskuineko alderdiak gailentzera iritsi ez eta, hala ere, gobernatzeko arriskua dutela ohartarazten ari direnak. Halakoei gogorarazi beharko litzaieke igaro berri den legealdian, PP alderdiak, Senatuan, gehiengo zabala izan duela, nahiz eta bere sasoian jaso zuen boto-kopuruak gehiengo hori islatzen ez zuen; arrazoia sinplea da, barruti bakoitzean boto gehien jasotzen duenak eskuratzen duelako eserlekua inolako proportzionaltasunik gorde gabe.

Nolanahi ere, inkestak alderdi bakar batek gobernatzeko adina sostengu ez duela izango aurreratzen ari dira. Ondorioz, akordioak egin beharko dira indar desberdinen artean, baldin lehian dauden alderdi nagusietako batek gobernatzera iritsi nahi baldin badu. Nortzuen artean eta zer egiteko izango da gauzatu beharreko adostasun hori? Bada, horretan, eserleku gutxiago duten alderdien araberakoa izango da, horiek erabakigarriak bihurtzen diren/ditugun neurrian.

Guri dagokigunez, eskuineko hiru alderdiek aditzera eman dute egin nahi dutena, autogobernua zangotrabatzea, Estatuak hemengo eskumenak berreskuratzea, hizkuntza eta kultura biziberritzeko saio oro eta Ekonomia Ituna ere ezerezean uztea, hain zuzen... eta ezkerrekoak, ustez, diren alderdiek? Azken-aurreko hauteskundeetan, sozialistek, Sánchez buru zutela, Ciudadanos alderdiarekin egin zuten ituna. Ez zuen aurrera egin, ordea, Iglesiasen alderdia -beharbada, hauteskunde berri batzuk tarteko, sozialistak gailentzea espero zuelako- adostasun horretara bildu ez zelako. Eta zenbakiek emango balute? Sánchezek ez du, printzipioz, aukera hori baztertu... eta ikuskizun dago Iglesiasen alderdiak sozialistekin akordioetara iristeko jarriko dituen baldintzak arrazoizkoak eta bideragarriak izango diren.

Agertoki horretan, batzuek zein besteek aintzakotzat har gaitzaten, gure agenda, euskal agenda mahaiaren gainean izan dezaten, daukagun aukera bakarra indartsu azaltzea da, talde sendo eta erabakigarri baten bidez. Horrek eskainiko baitizkigu egiazko aukerak autogobernuan sakontzeko, eskumenak blindatzeko, bai eta gizartearen aurrerabiderako eskubide zibil eta politikoak gotortzeko ere. Gainerakoek zer egingo duten ez dakigun honetan, botoan ez izan zalantzarik! Euskadi buruan eta ezpainetan izan dutenak aupatzea da ekinbiderik sendoena, eragingarriena eta seguruena.